Erreproduzitu bideoa
bideo herrikoia
Preso bat lagun bat: Bergarako gabon zaharreko mosaikoa
2016-01-05

2015eko abenduaren 31n herri ekimen bitartez antolaturiko "Preso 1 lagun 1" mosaikoaren irudiak.

Hemen, ekimenaren sustatzaileen oharra, osorik:

"415 Euskal Preso Politikoak etxean nahi ditugula aldarrikatzeko 415 bergarar bildu nahi genituen Bergarako Plazan, argazki ikusgarri bat osatzeko. Erronka soberan bete genuen: 84 aterkin zuri, 50 gorri, 415 kandela eta bergararrak gehiago eske. Denok gaude argazkian, baina, ez ditugu argazki gehiago nahi, hori da gure hurrengo erronka, argazkirik gabeko Euskal Herria, preso eta iheslari politiko gabeko herria. Bakean erabakiz, etorkizun hobea eraikiz egin nahi dugu bidea.

Erabat ziur gaude erronka bete daitekeela. Bergaratik Euskal Herrira mezu xume bat zabaldu nahi izan dugu, esperantza mezu bat. Gu gara, herritarrak gara, indarra daukagu, dena dago gure esku, guztiok mugitzen bagara guztia mugituko da. Siete Mares abestia lagun osatu genuen irudia, Hator, hator abestuz amaitu genuen. Hator, hator, esaten diegu preso eta iheslariei, baina bereziki, hator, hator esaten diegu Euskal Herritar guztiei. Hator, hator, konponbidearen Euskal Herrira.

Bergararrok eta Euskal Herritarrok, behin eta berriz erakutsi dugu, barne indar izugarria dugula, elkarri eskuak emanda, begietara begiratuta, harrokeriarik gabe, kokotsa tente eta begirada zerumugan dena da posible.

Atzokoa, auzolanean, siglarik gabe, herritarron borondateak batuz egin genuen ekimena izan zen.

Bide batez, ekimenaren bidez dei egin nahi dizuegu guztioi, urtarrilaren 9an Bilbo eta Baionako kaleak betetzera. Guk kaleak betetzen jarraituko dugu, kartzelak husteko".