Rikardo Arregi (1942 - 1969)

Aldrinek eta Amstrongek ilargia zapaldu zuten egunean hil zen Rikardo Arregi, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala, auto istripuz. 27 urte besterik ez zituen. Proposamen bat eramanen zuen, agian, berak sutsu bultzatutako alfabetatzearen ildoan. Kazetari eta idazlea, kultur eragile ere izan zela esan ohi dugu.

1942an sortu zen Andoainen. Filosofia ikasketak egin eta berehala hasi zen idazten, Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan laguntzen. Nazioarteko politikaz ere kezkatua, artikulu paregabe eta eredugarriak idatzi zituen, batik bat Zeruko Argia-ko "Herriak eta Gizonak" sailean. Saiakera ezagunez gain ("Sozialismoa modan dago", "Ezkertiar berriak", "Euskaltzaleen jainkoa hil behar dugu"), euskalgintza eta euskara batua izan zituen ardura. 1960ko hamarkadan proposamena egin zion Euskaltzaindiari alfabetatze saila sor zezan, jendeak euskaraz irakurri eta idazten ikastea xede nagusi baitzituen. Alfabetatze kanpainaren bultzatzaile nagusi, alor horren egituraketan jardun zuen buru-belarri. Zalantzarik gabe gero AEK izango zenaren aitetariko bat, lehen bi Korriketan oso gogoan izan zuten Rikardo Arregi.


 

Zeruko Argia, 1969-VII-27, 334 zka.

RIKARDO ARREGI

GIZONA

Gure Rikardo zana gazte urduritzat hartzen zuten batzuek, besterik ez. Baina Rikardo gizon osoa eta heldua zan, benetako. Areago, egiaz esan dezakegu herriren batean holako gizonak ez direla agertzen, behin edo behin besterik.

Laburra izan bada ere, bere biziak ekarri onak eta sasoiak izan zituen ta, Rikardoren izena urte askotan maitasunez oroituko da Euskalerrian.

Adimen indartsua ta argia zan Rikardorena, eta argidura hau sail askotan azaltzen zan. Aspaldi honetan, izan ere, matematika ikaskintzan laguntzen nion nik. Batzutan harriturik gelditzen nintzan bere "poder de sintesis" egiaztatzean. Teoria bat agertzen zuenean, oinarriak eta elburuak erakusten zituen asieratik, argi izugarrikin. Oso gutxi daude, matematika ikasleen artean, horrela egin ahal dutenak. Matematikazaile handia izan ahal zitekean, izan nahi ezkero. Baina berak, lumeroak ez, gizonak eta gizarteak maitatzen zituen batez ere.

Bi kualidade zituen, guztiz maitagarri egiten zutenak, garbitasuna eta prestutasuna edo eskuzabaltasuna alegia.

Garbia zan gure Rikardo. Poza eman zuen berekin hartu-emanak izateak. Beraren atsegin eta irabaziak ez ziran inoiz sartzen bere asmoetan. Bestaldetik langile izugarria genuen, ezin sinistekoa. Herriaren alde ekiteko beti prest.

Arazo berri bat agertzen zanean bere buruaz ahazten zan eta berehala lanean zenuten.

Erlijio sailean oso gizon serioa zan, uste dudanez. Bere kezkak, egiazkoak eta sakonak ziran. Azaleko erlijioa, mitoak eta sasi irudipenak iguin zitzaizkion.

Benetan, egiazko Jainkoaren bila zebilen beti, begi ta bihotz garbikin.

Jainkoak berak, misteriozko Jaun Horrek, hartu digu. Gure baino zoriontsuagoa da orain gure Rikardo laztanaren izpiritua.

Carlos Santamaria

PENTSALARIA

Bere lanak eta berari buruzkoak

Gaurko pentsalari bikaina, gazte egialari baliosa, euskal kulturaren arduraz eta beste etorkizunari laket, eskeintza osoa emanez zijoana hil zaigu: Rikardo Arregi.

Baina gure herriarekin ez ezik munduko prolema eta kezketarik egunean egungoa ausnartua bizi zan gazte kementsua. Oraindik tinta freskoa nabari dute munduko prolemaz Zeruko Argia-ren "Herriak eta Gizonak" eta Jakin-en Marcuseri buruzko "Eguzkialdeko haize hoiek..." izeneko saiakera.

Munduan berakin azaltzen duen molde eta uste zaharrak aztertu ta berritzeko egarria agiri duen ordu honetan, hauen arduraz kezkati bizi zan gure gaztea. Zeren, era guztietako kontzetuen errebisioa eskatzen dan egunetan, hain kezkati zena ezin zitekeen lo egon. Bere aburuak murgildu zituen gizartearen goren mailako pentsamenetatik. Berekiko, amaika krisis garaitu beharra izan zuen, zentzunez eta bihotzez, ausarti, argiaren bila. Zentzun bakanez, jakinmin sakonez eta kontzientzia garbiz. Errotik aztertu ere, bere pentsamena gazte askoren gidari agertu zuen honek. Izan ere, amaika gazteren bideak iriki zituan gure alorrean.

Bere izatez honela zelarik, uste gabeko heriozaren mugan sufrimendurik izan ez bazuen ere, bizitza zehar anitz sufritu beharra tokatu zitzaion, Euskalzaleoi aspaldiko egoerak ematen digun sufritza espiritualetik aparte, uste zaharrak berritzean hainbeste aldiz, argi bila, bere konzetu bideak hautsi beharrean arkitu zan; eta gizonarentzat zer sufrimendu handiagorik?

Baina, beste batzuek idatziko dituzte bere goresmenak, eta bere zentzuna hain praktikoa zanez, bere erakusbideei jarraikiz, une honetan egintza bidezko zenbait proposamendu egin nahi nituzke bere goari leialki erantzuteko.

Rikardo zanak ohorerik handienak merezi ditu, bere izakerarekin ados letorkean omena. Bere nortasuna onduen erakusten duena bere lana izaki, eta gazte askoren ikasbiderako biltzea komeni zaigu. Alde batetik bere lanak eta pentsaerak aztertuko dituena, eta bestalde idatziaren bilduma osoa.

Juan San Martin

Gure Mendea