ERRAMOLDEAK MANTXUT? FORUA POSTALAK LOTURAK SARRERA SMS LEHIAKETA DENDA


LIBURUAK ESKURATU


Hizkuntza, edozein hizkuntza, metaforaren gainean eraikitzen den etxea da. Edozein hizkuntzako hitzak eta esamoldeak ez dira ezer hiztunok hitz eta esamolde horiei gaineratzen diegun imajinaziorik -metaforarik- gabe. Hizkuntza batek bere indar metaforikoa galtzen badu, bereak egin du. Alegia, hizkuntza bateko hiztunak beren hizkuntza imajinatu eta berregiteko gauza ez direnean, hizkuntza horrek ez du gatzik, ez piperrik. Ez du adierazkortasun handirik. Ez du libertitzeko balio. Ez du sentitzeko balio. Ez du bizitzeko balio. Eta, bistan da, bizitzeko balio ez duen hizkuntzak ez du ezertarako balio.

Euskaraz lokuzio, esklamazio eta esamolde asko dago. Horietako batzuk, alegia, euskararen betiko ondareko zati diren batzuk bildu ditugu lan honetan. Baina ez dugu euskal lokuzio historikoen bilduma bat egin nahi izan, eta betiko ondarea apur bat arakatu badugu ere, ez gara horrekin konforme gelditu. Aitzitik, beste batzuk, berriak, asmatu ditugu. Gure bizimodua, kultura, egoera, umorea eta inguruari begira egoki eta baliagarri iruditu zaizkigunak. Inori baimenik eskatu gabe. Ez diogulako inori baimenik eskatu behar. Are, eskatuta ere, inork ezin liguke baimenik eman. Hizkuntza berriz asmatzea eta berriz eratzea gure eskubidea baita. Eta gure beharra. Nork bere eskubideak erabiltzea bere beharrak asetzeko munduko baimen guztien gainetik dago.

Gazte eta euskararekin zaletua eta kezkatua irudikatzen zaitugun irakurle hori, ez dizkizugu hemen dauden lokuzioak ikasarazi nahi. Bakar batzuk gustatu eta zure hizketa moduan sartzen badituzu, plazer handia izango da guretzat. Hala ere hori baino joriago eta aberasgarriagoa izango da liburu honen emaitza, baldin eta, hemen dagoena buruz ikasi ez eta, aldiz, iradokitzen den bideari segitzen badiozu. Alegia, zure gustu, behar, bizimodu, umore eta inguruari begira egoki eta baliagarri iruditzen zaizkizunak asmatzen badituzu. Lasaitasun eta askatasun osoz, jator asunlabelak, tituluak, ortodoxia zertifikatuak eta gainerakoak banatzen dituzten jaunandere txit prestu eta jakintsuei behar dena baino errespeto gehiago eduki gabe. Lotsagabe-lotsagabe, alegia




© Webgune hau Argia eta Zazpiak Batmanen elkarlanaren emaitza da