Orri nagusira

Orri nagusia

 

[Aurreko eztabaidak]

Herri telebistak
Hogei txori txiki kate erraldoien erdian


Asier Aranguren:"Lau motatako herri telebista bereiziko nituzke"
Asier Aranguren Euskal Telebistako kirol saioetako kazetaria da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ere bada. Egun herri komunikabideen inguruko tesia ari da prestatzen eta beregana jo dugu zenbait galdera egin asmoz.

Hainbat gogoeta luzatu dizkigu. Herri telebisten arteko ezberdintasunak nabariak dira, darabilten hizkuntzatik hasita. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Tipologia bat eginez gero, nik lau motatako telebista bereiziko nituzke. Lehenak hiriburuetakoak. Hauek errentegarritasun ekonomikoa dute helburu, dirua egin nahi dute eta publizitatea dute finantziazio bide. Telebista bat ipintzen dute negozio gune garrantzitsua delako. Eta beraz, ia ia erabat, gaztelerazkoak dira. Merkatu gune handi batean daude, Bilbo Handia adibidez Euskal Herrian dagoen merkaturik handiena da.

Bigarren mota hirietako telebista lokalak lirateke, Tele 7, Txingudi, KTB... eta horrelakoak. Hauen filosofia, nik uste, hiriburuetako telebisten berbera dela, baina hiriak txikiagoak dira eta merkatua beraz, txikiagoa ere. Azken finean audientzia kontua da. Hauek ere, batez ere, gazteleraz emititzen dute.

Hirugarren mota euskaraz emititzen duten telebista lokalak dira. Hemen bai abiapuntua, bai azken helburua guztiz desberdina da. Alegia, herri ekimenetik, euskalgintzatik sortutakoak eta hizkuntzaren normalizazioaren bidean tresna bat gehiago bezala ulertu behar direnak. Euskara hutsez egiten dute lan eta nire ustez, euskara hutsez lan egiten duen komunikabide batek ez dauka inoiz negoziorik egiterik, dirutan behintzat.

Azkenik, nik ez profesionalak deitzen ditudan telebista lokalak. Ez dute egitura profesional bat atzetik. Noizean behin emititzen duten telebista txikiak dira, herriko festetan eta halakoetan.

Euskal herri telebisten finantziazio arazoa ere hor dago.
Nire ustez, herri telebista batek behar du izan profesionala, kalitatezkoa eta erakargarria. Bestela jai dauka. Etxean zaudenean telebista ikusten, hor ez dago harpidetzarik, eta behar du lehenengo, seinalearen hartzea kalitatezkoa izan, eta gero, edukia ondo egindakoa izatea, erakargarria, etxean dagoenak zapping egin baitezake.

Bestalde, finantziazioaren arazoan, iruditzen zait diru publikoaren laguntza behar duela eta gero, autofinantziazioan ahalik eta gehien lortu.

Telebista batek eragin handia du, eta bai normalizazioan bai edukietan tresna garrantzitsua da. Ba al dute kate generalistekin lehiatzeko aukerarik?

Herri telebistek garbi eduki behar dute euren lekua zein den, eta euren lekua erabat osagarria da. Eguneroko jardueran zalantzan jarri behar ez den kontua da hori. Errentagarritasuna lortu behar da, bai ahaleginean eta bai dirutan. Ezin daiteke pentsatu 24 orduko emisio batean edo zazpi eguneko emisio batean. Ahalegina eta produktua ondo orekatu behar dira.


(Larrun 24. zenbakia)

 

 



Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403