argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Zinemaldiko palmaresa, familia-bazkari gisa ulertua

2011-09-25 15:31:46 | Gorka Bereziartua

Sarituak, argazki familiarrean

Izebak, osabak, lehengusuak, arrebak, anaiak, koinatak, suiak, errainak eta amona, eta baita, seguru, ahaztu dudan beste baten bat; denak ikusi ditugu astebetean pantailatik pasatzen eta postreen ordua iritsita, tarta nahikorik ez guztientzat. Familia beti da injustua. Zinemaldia ere bai: Adikos kosmos eta Los pasos dobles larregi mimatu ditu eta beste zenbait berriz, gutxiegi edo batere ez.

Zer da ba familia, tautologia besterik? Familia familia da eta familia familia delako, nola utziko diozu Greziako lehengusuari etxera esku-hutsik itzultzen, han gauzak nola dauden jakinda, ia hegazkina pagatzeko ere ez zeukan eta. Tori, tori, zuzendari onenaren saria eta gizonezko aktore onenarena eta ez esan ezetz niri, e!

Festibal honetako ume mimatua Isaki Lacuesta izan da, dena den: esperimentutik harago gauza handirik eskaintzen ez zuen Los pasos doblesek maskor handiena irentsi du eta bost kilo gizenduta itzuliko da etxera. Mimotik baino, merezitakotik dute gehiago Maria Leónen sariak (Sail Ofizialeko emakumezko aktore onena ez bada izan, onenen artean egon da, sindudarik gabe, La voz dormidan jokatu duen neskame andaluziar xaloa), baita Kisekik eta Le Skylabek eraman dituztenak ere. Baina sari txikiak dira, besteen aldean.

Hemendik aurrera pelikulak bakarrik geratuko direnez, nik azken hori, Le Skylab, gomendatuko nioke edozein ikusleri: Julie Delpyk egin du Sail Ofizialean ikusi dugun film onenetakoa, bazkari familiarra aitzakia, garai oso bat erretratatuz; eta sari handiagorik eraman ez duenez, merezi zuen, gutxienez, artikulu honi eman diogun senitarteko kutsua, ezta?
 

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403