argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Zigortua izan nahi duen pederasta

2011-09-21 12:34:02 | Mikel Garcia

Still Life filmeko irudia.

Dagoeneko istorio guztiak edo ia guztiak kontatuta daudela-eta, garrantzitsuena begirada dela esan zidan duela hilabete batzuk Montxo Armendarizek, "greziarren arotik kontatuta dauden amodio, gorroto, traizio istorio horietara hurreratzeko modua eta ikuspegia". Horren jakitun, geroz eta bitxiagoak eta anitzagoak dira Hollywooden eskemetatik kanpo filmak egin nahi dituztenen ikuspegiak: pertsonaiak eta gaiak estereotipoetatik aldenduta jorratzea da joera, onaren eta gaiztoaren rolak apurtuz.

Koldo Almandozek, esaterako, pederasta baten ikuspuntua eskaini zuen Midori film laburrean. Still Life pelikulan ere pederastia da gaia, aita batek bere alabarenganako duen sentimendu lizuna, baina zuzendariak ez du munstroa bailitzan irudikatzen. Gaixo dagoen pertsona aurkezten digu filmak, alaba inoiz ukitu ez badu ere erredentzio bila zigorra behar/nahi duen gaixoa. Kontua da, ez duela hori baino askoz gehiago sakontzen Meise austriarrak eta ez diela zukurik ateratzen senitartekoen arteko harreman aldrebestuei. Gainera, Antony and the Johnsons malenkoniatsua soinu-bandan izateak ukitu etsigarria ematen dio istorioari.
 
Pederastia gisako gai konplexuak jada ez dira gai tabuak zineman, eta ondo dago horiek ere existitzen direla nabarmentzea. Pena honako filmari indarra falta izan zaiola errealitate hain lazgarria irudikatzeko eta jorratzeko garaian.


ZABALTEGI SAILA
Stillleben / Still Life
Zuzendaria: Sebastian Meise.
Gidoilariak: Thomas Reider, Sebastian Meise.
Aktoreak: Fritz Hörtenhuber, Daniela Golpashin, Christoph Luser, Roswitha Soukup.
Austria. 78 minutu.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403