argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Zaharruno itxurako melodrama

2011-09-24 00:27:18 | Gorka Bereziartua

Aracelia Ramirezek jokatzen du rol nagusia Las razones del corazón filmean

Plano sekuentziak gustatzen bazaizkizu, Arturo Ripsteinen Las razones del corazón zure filma da, luzera eta kolore guztietakoak baliatuz filmatua baitago. Tira, ez, kolore guztietakoak ez, zuri-beltzean agertuko baitira pertsonaiak. Erritmo mantsokoa eta abiapuntutik melodramatikoegia da Sail Ofizialean lehiatu den azken pelikula.

Emilia (Aracelia Ramirez) etxean preso bizi den emakumea da. Senarrarekin eta alabarekin daukan bizitzak betetzen ez duenez, eraikin berean bizi den saxofoi-jotzailearekin lotzen da noizean behin. Baina musikaria itota sentituko da eta bakean uzteko eskatuko dio. Pasio kontrolagaitzek galbidera eramango duten andrearen istorio honek itxura klasiko-klasikoa dauka; are, zaharrunoa. 1950eko hamarkadako produkzio bat izan zitekeen lasai asko norbaitek momenturen batean “Internet” esango ez balu.

Zuloak: protagonista bera, nagusiki. Gizonen amodioa hainbesteraino (burua galtzeraino) behar duten emakumeak ez zaizkit sinesgarriak egiten generalean, eta Ripsteinek ez du lortuko pelikula honekin hori aldatzea. Senarraren rola jokatzen duen Plutarco Hazak “nobela arrosa bateko pertsonaia” ematen duela esaten dio Emiliari sekuentzia batean eta ados nago, hala da, baina bistan da aipamen hori ez dela gidoian sartu bigarren irakurketa ironiko bat-edo eskaintzeko asmoz. Izango da ez dudala amodio erromantiko mota horretan sinesten. Edo izango da zuzendari mexikarrak ez duela Mari Luz Estebanen artikulu hau irakurri. Edo izango da, oso zaila dela Madame Bovaryren egokitzapen sinesgarri bat egitea (hori zen Ripsteinen asmoa) istorioa XXI. mendean kokatuz gero.

Alabaren pertsonaiaz zer esan: ezin dut imaginatu benetako 10 urteko haur bat amari bere utzikeria leporatzen horrelako hizkerarekin, erdi psikoanalista, erdi gizarte-langile. Eta hobe gehiegi ez luzatzea Vladimir Cruzek jokatzen duen saxofoi-jotzailearekin: instrumentua hartzen ere ez daki.

Plano sekuentziak oso eleganteak, hori bai.
 

SAIL OFIZIALA
Las razones del corazón
Zuzendaria: Arturo Ripstein
Aktoreak: Aracelia Ramírez, Vladimir Cruz, Plutarco Haza, Patricia Reyes Spíndola
Mexiko
119 minutu

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403