argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Telmo Zigilua

2011-09-20 17:10:43 | Mikel Garcia

Josean Bengoetxea, pelikulako eskopeta eskuan.

Mundu woodyallenianoaz eta Medem-unibertsoaz hitz egiten den bezala, ezinbestean Telmo Zigilua aipatu behar dugu Urte berri on, amona! filmaz mintzatzerakoan. Ohiko umore beltza primeran erabili du zuzendari zarauztarrak, eta komedian drama (edo draman komedia) txertatzeko duen gaitasunari tragedia eta thriller ukituak gaineratu dizkio oraingoan. Emaitza, genero batetik bestera maisuki jauzi egiten duen istorio basatia, bukaeraraino tentsioan mantentzen zaituena.

Badakizu nola hasi den, baina ez nola amaituko den. Istorioak, baita pertsonaiek beraiek ere, bihurgune ugari hartuko dituzte bidean, afera berriak suertatuko dira eromeneranzko bidaian eta ikuslearen jakin-mina areagotzen lagunduko du horrek guztiak. Gainera, ez dakizu hurrengo eszenan barre egingo ote duzun, atezuan mantenduko zaituen edo Corleonetarren istorioekin ikasi genituen mafia kutsuko pasadizoren batez gozatuko duzun. Dakizun gauza bakarra da familia guztia hankaz gora jarri duen amona gogaikarri horrek zure onetik ateratzen zaituela. Nor aterako da garaile? Eta bigarren maila batean, sotilki baina bortitz, drama zantzuak ditugu nonahi, familiaz, bikote harremanez, zaintzaz, ardurez…
 
Bere aurpegierekin amonaren rola ezin hobe antzezten duen Montserrat Carulla kataluniarraz gain, bikain daude Josean Bengoetxea (elkarrizketa egin diogu Argian), Nagore Aranburu, Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi. Pare bat segundoko kameoa egiten du Esnalen lagun Asier Altunak (pelikularen gidoilaria, Telmorekin batera), baina adi egon beharra dago harrapatzeko. Hain zuzen, biek batera zuzendu zuten aurreko film luze arrakastatsua: Aupa Etxebeste! Pelikula hura 2005ean estreinatu zuten eta Gazteriaren Saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Kurioski, Urte berri on, amona! ere sari bererako hautagai da, ikusi beharko da zer nolako harrera duen, baina kritikariek behintzat ondo hartu dutela dirudi.
 
 
ZABALTEGI SAILA
Urte berri on, amona!
Zuzendaria: Telmo Esnal.
Gidoilariak: Telmo Esnal, Asier Altuna.
Aktoreak: Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Montserrat Carulla, Kontxu Odriozola, Pedro Otaegi.
Euskal Herria. 107 minutu.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403