argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Mundua ez da ordu eta erdian konpontzen

2011-09-22 22:05:13 | Mikel Garcia

Aktore protagonistak, bainugelatik ezin irten.

Denok saiatu gara noizbait, goizeko ordu txikitan eta taberna zuloren bateko barra aurrean, eta berdin atera gara tabernatik, mundua konpondu barik eta bakoitzak bereari eutsiz. Madrid, 1987 filmetik ere, sartu bezala atera naiz, David Trueba zuzendariak bizitzaren ertz guztiak ordu eta erdi pasatxoko pilulan konprimitu nahi izan dituen arren. Bi protagonistak bizitzaz, sexuaz, literaturaz, politikaz, harremanez, adinaz, filosofiaz, zinemaz… mintzatu dira; gauza gehitxo ezer argi ikusteko.

Kasik antzerki formatuan, bi protagonistak bainugelan itxi ditu zuzendariak, bi belaunaldi eta bi ikuspegi, gizonezko idazle heldu zinikoa eta etorkizun oparoaren ametsetan kazetaritza ikasten ari den emakumezko gaztea. Gidoiak kontrakorako aukera ematen zuen arren, José Sacristán eta María Valverde aktoreen arteko interpretazio-dueluan bigarrena atera da garaile, espontaneoagoa eta freskoagoa baita bere ekarpena. Hitz aspertuan, dena kontatu nahi izan du Truebak, eta hasieran burutsua eta arina zirudien gidoia etenik gabeko diskurtso bilakatu da azkenerako. Kanpotik biluzik daude pertsonaiak, baina ez dute lortzen barneko biluzte ariketa sinesgarri agertzea.
 
Bestalde, Soldados de Salamina pelikularen egileak espainiar publikoari zuzendutako erreferentzia historiko ugari sartu ditu, 1980ko hamarkadako izenak berreskuratuz. Publikoaren konplizitatea bilatu duen eszena horietan, jokoz kanpo geratu dira ikusle atzerritarrak. Finean, planteamendu egokia abiatu du Truebak, bi belaunaldi aurrez aurre jarri nahi izan ditu, baina gidoiarekin eskua joan zaiola esango nuke.


ZABALTEGI SAILA
Madrid, 1987
Zuzendaria eta gidoilaria: David Trueba
Aktoreak: José Sacristán, María Valverde.
Espainia. 100 minutu.

 

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403