argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Aktore onak edukitzeak beti laguntzen du

2011-09-22 13:25:15 | Gorka Bereziartua

Woody Harrelsonen lan ona da Ramparten oinarri garrantzitsuenetako bat

Film beltz txukun pare bat ikusi ditugu aurtengo Sail Ofizialean: Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados asteburuan eta gaur, Oren Moverman zuzendariaren eskutik, Rampart. Istorioa ez da aspektu askotan berritzaileegia: polizia ustela, alkoholikoa, justizia bere kontutik hartzea maite duen horietarikoa, munduaren kontra borrokan bere departamenduan lagun baino etsai gehiagorekin. Planteamendu maiztu samarra izango da agian, baina ni behintzat ez nau aspertzen pelikula ondo egina badago.

Eta hau ondo egina dago: Woody Harrelsonek jakin du geroz eta hondorago doan tipo gogorrarena egiten. Autoarekin bere kontra talka egin ostean ihesari ekingo dion gizon beltz bat egurtu eta kamera batek jipoia grabatuko du. Hortik aurrera, eskandalua telebistan eta problemak lanean; gehi emakumeekin dauzkanak (izan amoranteak edo alabak), gehi saihestu ezin diren lan zikinak... Los Angelesen girotutako pelikula honek Harrelsonen savoir fairea du oinarri eta rol txikiagoak dituzten aktoreak ere ondo ari dira (ez baitira edonor: Sigourney Weaver, Steve Buscemi, Robin Wright, Anne Heche...).

“Ez naiz arrazista, mundu guztia gorroto dut berdin” dio Harrelsonek filmeko momentu batean. Pertsonatik baino, animaliatik gehiago duela ematen du hasieran; baina gauzak konplikatzen zaizkion neurrian, txakurra gizon bihurtzen joango da; gizon ahula eta psikologikoki desegonkorra, egin dituen akatsez beranduegi ohartu den jakitun. Eta bai, egia da pelikulak intentsitate gehixeago beharko lukeela. Egia da istorioak hari batzuk zintzilik uzten dituela. Baina egia da, halere, aktoreen lanari esker aurrera ateratzen dela.

SAIL OFIZIALA
Rampart
Zuzendaria: Oren Moverman
Aktoreak: Woody Harrelson, Robin Wright, Sigourney Weaver, Steve Buscemi, Anne Heche
AEB
102 minutu

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403