argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Zinemira galaren kronika serioa eta ondorengo koktelaren kontakizun arrosa

2011-09-22 12:17:09 | Gorka Bereziartua

Bai, Altus motxila bat da

Ajearekin esnatu da gaur euskal zinema, atzoko Zinemira galaren eta (batez ere) ondorengo koktelaren albo-kalteak sufritzen. Euskal Herriko zuzendari, aktore, ekoizle eta zinezale asko elkartu ziren bart arratsean Victoria Eugenian. Elias Querejetak jaso zituen gaueko arrosarik handienak Zinemira sariarekin eta Hernaniri, bere “aberria”-ri, eskaini zion golardoa.

 

Beste sariturik ere izan zen: galaren hasieran atzerriko kazetari bi txalotu genituen, Rocio Garcia (El País, Espainia) eta Pamela Rolfe (Hollywood Reporter, AEB), urtetan Zinemaldiaz informatzen egindako lanarengatik. Bestalde, Serbitzu Zinemira saria Imanol Rayo zuzendariak eta Beñat Ibarbia ekoizleak jaso zuten Bi Anai filmean egindako lanarengatik. Pelikula hori proiektatu zuten galaren amaieran.

Eta goazen orain inporta duenera, Euskal Herriko zinemaren ospakizunari buruz idazten ari bagara ez baita sariak garrantzitsuak iruditzen zaizkigulako, atzetik People diskotekan kanape-jate latza antolatzen dutelako baizik.

Oharra: iazko polemika ikusi ondoren, ez dut izen-abizenik jarriko hurrengo parrafoetan idatziko dudan kronika pelikulaz betean (“pelikula”, frantsesezko “pellicules” zentzuan, noski).

Normalizatu gabeko herria

Bagoaz bestelako egoera baterantz, ari gara urratsak ematen baina oraindik asko falta zaigu herri normalizatua izateko. Atzo gauean People diskotekan sartu zen edonork baieztatuko dizu gauza bera. Izan ere, aktore, zuzendari eta produktore batzuek ekitaldirako propio erositako jantziak eduki arren, erdipurdi jositako ehunez beterik zegoen aretoa. Eta hori ez da normala.

Manerez ere, zer esan? Piztiak bezala erasotzen zituzten bertaratutako batzuek kanapeak (rissotto platertxoak apartak, bidenabar). Glamour gutxiko festa horren erdian, elegantzia ukitua umoregile, soziolinguista eta telebistako aurkezle batek jarri zuen, iraila izateko kolore inbidiagarriarekin azalduz, estetika casual baina era berean dotorez eta, dena esan behar bada, euskal jende beautifulari hurrengo urteetarako zer ikasia emanez (geroago zurrumurrua zabaldu zen, koloreak ba omen zeukala makillajearekin zerikusia).

Aprobatua lortu zuen poeta eta literatur kritikari gazte batek ere, bere ohiko itxura kuidatuki deskuidatuaren aldaera berri batekin: jaka eta kamiseta, hiru eguneko bizarra eta indiejendearen artean hain zabaldua dagoen “nago-baina-ez-nago” posea. Baina kronikari honi mundua gainera datorkio haren konpainiaz akordatze hutsarekin: kazetari, blogari eta ustez umorezkoa den WebTV baten aurkezleak jantzita zeraman koadrodun alkondara afrusa edozein jostunen amesgaiztoa da.

Bi irribarre eta malko asko egiteko motiboak, beraz. Agintari politikoak ere, horrelakoetara ohituagoak egon arren, informalegi jantzita zihoazen edozein aldetatik begiratuta. Beharrik, alde egin aurretik bazter batean kronikariak señora bat ikusi zuela, atzoko gala kenduta Ascot-eko zaldi karreretan bakarrik ikus daitekeen PAMELA (horrela, letra larriz) jantzita. Gaua salbatu zuen, benetan.

 

  • Erantzunak (1)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • User Gravatar leire narbaiza - 2011-09-22 13:46:25: Koadrodun alkandora afrusa izan liteke, baina ganoraz konbinatuta badago salba liteke. Eta kazetariak salbatu zuela esango nuke :-)
    Pamelaren argazkia biziki eskertuko genukeen, hain dira bitxiak eta terribleak! Hurrengoan!
    Zoldatsuagoa ere izan zitekeen...
ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403