argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Kukutza Zinemaldian: Twitterren jaio eta ertzainekin amaitu den elkarretaratzea

2011-09-22 04:18:35 | Mikel Garcia

Atzo Victoria Eugenia aurrean egindako elkarretaratzeko irudiak.

Hilaren 21eko 19:30ak, Victoria Eugenia antzokiko sarreran. Ordu eta erdi falta da Euskal Zinemaren Gala bertan ospatzeko, baina Donostiako Zinemaldiari jarraipena egiten ari gatzaizkion kazetari ugari eta hainbat herritar beste helburu batekin elkartu gara: Kukutza gaztetxe bilbotarra indarkeriaz hustu izana salatzea. Ordu pare batean antolatu da ekintza, Twitter sare sozialean sortu eta Twitterren bertan eta ahoz aho zabaltzeari esker. Hiru lema ezberdindun paperak ditugu eskuetan, "Kukutza aurrera!", "Free Kukutza" eta "Stop violence against Kukutza", eta elkarretaratzera gerturatutako lagunetako bik "Errekalde Kukutza" dioen pankarta horia atera dute.

Isilik ari gara protestan, 30-40 pertsona inguru, tartean Fermin Muguruza musikaria eta Isaki Lacuesta zinema-zuzendari kataluniarra bezalako izen ezagunak. Jaialdia dela-eta jende dexente dabil inguruetan eta batzuk, bertako nahiz atzerritar, gerturatu egin zaizkigu protestari buruz galdetzeko, Kukutza zer den jakin nahian.
 
20:00ak aldera, okertzen hasi da gauza. Ertzaintza hurreratu eta identifikatzeko asmoz dokumentazioa eskatu die pankarta daramaten bi neskei; nonbait, ertzainen hitzetan, ausaz aukeratu dituzte bi neskak, hauek adierazi dieten arren beraiek ez dutela elkarretaratzea antolatu. Egoeraren argazkiak (ezkerreko irudian) atera nahi izan ditugu Noticias de Gipuzkoako Oier Aranzabalek eta biok, eta guri ere identifikatzeko eskatu digute (ez ordea kamera profesionalekin urrunagotik argazkiak ateratzen aritu diren beste hedabideetako langileei). Aitzakia, argazkia publikatu eta irudiko baten batek bere intimitateari eraso egin zaiola sentitzen badu, gure kontrako salaketa jarri ahal izan dezan.
 
Kontuak kontu, identifikatu gaituztenoi zigor administratiboa iritsiko zaigula ohartarazi digu Ertzaintzak, ezin omen delako 19 lagunetik gorako elkarretaratzerik egin aurretik baimena eskatu gabe. "Baina espontaneoki bildu gara", azaldu diegu. "Ez, antolatua izan da, inprimatutako afixak daramazkizuelako eta fotokopia-dendak 19:00etan ixten dituzte". To ertzainaren arrapostua! Etxean inprimaturiko paperak dira, baina berdin dio, aurrera jarraituko du zigor administratiboak.
 
20:30ak Victoria Eugeniako sarreran. Oraindik ertzainekin eztabaidan darraigula, ilara luzea sortu da antzokira sartzeko, Euskal Zinemaren Gala hastear da. Pixkanaka sakabanatzen joan da elkarretaratzea, eta zinemak bere festa handiarekin jarraitu du, baina ahots batek airean utzi du galdera: "Hurrengo egunetan ere errepikatuko al dugu hau?". Kukutzaren etorkizuna ezbaian dagoen honetan, sinbolikoa bakarrik ez, esanguratsua izan da elkartasuna erakutsi nahi izan duen Donostiako protesta, eta agerian utzi du horrelako ekintzak aurrera ateratzeko teknologia berriek eskaintzen duten aukera.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403