argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Culinary Zinema eta Juantxoko bokataren sindromea

2011-09-21 01:53:12 | Gorka Bereziartua

Juantxo taberna, Zinemaldiko elikaduraren Meka

Etorri behar zuen, ez dakit zergatik harritzen zareten: Euskal Herrian denok hain ondo jaten dugunez, logikoa zen daukagun zinema jaialdi garrantzitsuenak sukaldeari tarte bat eskaintzea eta aurtengo ediziotik ez da pasa, Zinemaldiak badauka Culinary Zinema saila. Festibalaren baskizazio horretan hurrengo urratsa film-sexualki-kastoei buruzko ziklo bat zabaltzea izan liteke, baina hori iritsi bitartean, bota ditzagun ideia bat edo bi gilborra alaitzeari eskainitako sailari buruz.

Kontrastea interesgarria baita, gutxienez: egunero janka garestiak (50 euro tripako) antolatzen ari dira zikloaren aitzakian, noiz eta juxtu Zinemaldian lanean ari garenetako batzuk (kazetariak bai gutxienez) astebetez elikadura arduratsu, sano eta orekatuaz erabat ahazten garenean. Zinemaldia ez baita nouvelle cuisinea dastatzeko egina. Juantxo tabernan egindako bokatak presaka jateko egunak dira hauek. Ahal dugun moduan isilarazten ditugu barruko tigre eta lehoiak film eta film artean.

Baina utz dezagun alde batera kazetarien dieta, ez baita inor gehiegi apasionatzen duen gaia ere. Culinary Zinema saila aurkeztean Jose Luis Rebordinosek esan zuen Donostia dela munduan metro koadroko Michelin izar gehien dituen hiria. Behin baino gehiagotan aditu dut argudio bera, horrelako gauzek bizi garen ingurua aberastuko balute bezala. Sailaren filmen artean ere El Bulli eta Mugaritz jatetxe puntakoak daude besteak beste, high class sukaldaritza baita erakusgarria den bakarra antza denez.

Ba egia esan, aspertu eta haserretu egiten nau, erdi eta erdi, "gure" luxuzko gastronomiari zenbaitek ematen dioten garrantzia neurrigabeko horrek.

Halakoetan Jon Alonsok 2001ean argitaratu zuen Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk liburua etortzen zaizu, han lei daitezkeen kontu batzuk. Adibidez: “Euskal Herrian inon baino hobeki, inon baino gehiago jaten delakoa, euskaldunak jatunak eta mokofinak direlakoak eta antzekoak asmazio klasistak dira. Sukaldaritza bera bezala. Euskal sukaldaritza bera bezala”. Edo beste hau: “Gauza seinalatua da pertsonarik kontserbakorrenek ere ez diotela aldaketari edo bilakaerari oztoporik jartzen, baldin eta jan-edan kontuez ari bagara eta aldaketak kalitatezkoak badira”.

Beharbada Juantxoko bokataren sindromea daukadalako izango da baina, irudipena daukat Alonsok gaur egunerako egokiagoa den ikuspegia zeukala orain dela hamar urte, Culinary Zinema saila antolatu dutenek aurten bertan eduki dutena baino.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403