« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

XIX. mendeko telenobela nekagarria

2010-09-20 02:30:11 | Gorka Bereziartua

Misterios de Lisboa filmeko irudi bat

Gauza asko esan daitezke Raul Ruizen Misterios de Lisboari buruz. Luze hitz egin genezake, baina, filmaren kontrara, saia gaitezen labur izaten.


Ordu eta laurdeneko iraupena baita filmetik arreta deitzen duen aurreneko gauza. Hainbeste denboraz ikuslea eserita edukitzeko pelikulak behar du eduki zer kontatua eta, egia da, hori ez zaio falta zuzendari txiletarraren ekoizpenari. XVIII. eta XIX. mendeko aristokrazia portugaldarraren amodio ezinezkoak, seme bastartak, hilketak, ezinikusiak... pertsonaia bakoitza sekretuz beteriko mundua da, haien iraganean murgil egingo dugu eta elkarrekin gurutzatzen diren lerro franko aurkituko.

Nola kontatu ez du asmatu ordea. Hainbeste istorio harilkatzeko oso manera baldarrak erabili ditu Ruizek. Ezin dira etengabe pertsonaiak mahai baten bueltan jarri, aurrean tokatzen zaien lehenengo ezezagunari esanez “utzidazu kontatzen nire bizitza nolakoa izan den”. Eta Misterios de Lisboak hori egiten du behin eta berriz. Istorioaren hariak lotzeko modu negargarri horrek, azkenerako, barrea eragin dio ikusle bati baino gehiagori. Gehitu horri antzezpen sobera hanpatua, ia Monty Pythonen eskolakoa, komedia dirudiena, baina nahi gabe.

Agian, pentsatu dut, XIX. mendean telebistarik egon izan balitz, tankera honetako filmekin gozatuko zuen publiko burges eta aristokratak. Baina ez zen hala izan eta anakronismoa da erromantizismo garaiko telenobelak garaiotan egin nahi izatea. Zerbait salbatzekotan, kameraren lana: eszena batzuetako planoen konposizioak oso poliki lortuak daude. Baina gainontzean, Misterios de Lisboak ez du merezi. Ikusteak neke fisikoa eragiten du eta bukaerako trikimailuak engainatua sentiarazten du pazientzia izugarriz aretotik atera ez den ikuslea.

SAIL OFIZIALA
Misterios de Lisboa
Zuzendaria: Raul Ruiz.
Aktoreak: Maria Joao Bastos, Adriano Luz, Ricardo Pereira.
Portugal.
Iraupena: eternitatea.

 

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 17tik 25ra, egunero zine kritikak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403