Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako Zinemaldia 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kritikak

CHLOE. Sail Ofiziala

Desioa eta fetitxea

Gorka Bereziartua

Chloe filmeko eszena bat

Ohikoa bihurtzen ari da Zinemaldiko Sail Ofiziala zabaltzeko kalitate-komertzialtasun oreka bilatzen duten lanak programatzea. Aurten, festibalak aurrekontu apalagoa badu ere, lehen filma hautatzeko irizpideari eutsi diote. Atom Egoyanek zuzendutako Chloek bi aktore ezagun ditu protagonista, Julianne Moore eta Liam Neeson; filma, produktu anglosaxoia, 2003ko Nathalie frantsesaren remake bat da (Fanny Ardant eta Gerard Depardieu ziren protagonista jatorrizkoan). 

Klase altuko bikotea osatzen dute Catherinek (Moore) eta Davidek (Neeson): ginekologoa eta goi mailako musika irakaslea. Etxe bat, estilo modernistakoa. Seme bat adin txorokoa. Davidek Toronton ematen ditu eskolak, eta etxera itzultzeko hegazkina hartu behar izaten du. Urteak betetzen dituen egunean festa prestatu dio emazteak, baina berak galdu egingo du hegaldia. Catherine susmatzen hasiko da David beste emakumeren batekin dabilela, eta goi-mailako prostituta bat kontratatuko du (Amanda Seyfried, pelikulan Chloe) senarra tenta dezan.

Filmak aurkezten duen hiruki formako eskema, bikote-harreman burgesak kontatzen dituzten istorioetan nazkatu arte errepikatzen da (bide batez, ez dut uste “burges” hitza erabiltzeko hain aukera garbirik izango dudanik luzaroan). Alde horretatik sorpresarako tarte gutxi du gidoiak, nahiz eta istorioak aurrera egin ahala emaztearen eta prostitutaren harremanak hirukia norabide ugarikoa bihurtzen duen; eta Chloe semearekin oheratzean, laugarren ertza jaiotzen zaion.

Hezur klitxistikoak ditu Chloek, baina meritu pare bat aitortu behar zaizkio: bata, prostitutak senarrarekin duen erlazioaren kontakizuna, metafikzio moduan funtzionatzen duena; bestea, Chloeren apain-orraziaren erabilera metaforikoa: filmaren hasieran, Catherine ezagutzeko zubia izango da; erdialdean, emazteari oparitan eskainita, prostitutaren desioaren adierazle; filmeko azken eszenan, Catherinen ilean, sublimatutako pasioaren fetitxea.

Laburbiltzeko: ez nauela harritu, estandarraren mugetan mugitzen den filma dela Egoyanena; baina baduela nondik heldu. Eta gauza askoz okerragoak ikusi beharko ditugunez, ez gara lehen egunean zorrotzegi jarriko, ezta?

Chloe.

Zuzendaria: Atom Egoyan.

Aktoreak: Julianne Moore, Liam Neeson, Amanda Seyfried, Max Thieriot.

Kanada.

99 minutu.



Erantzunak

Ba neri asko gustatu zitzaidan.

Andoni 2009-09-21 10:57:20

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan