Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Zilbor hestea

Kaukasoko errepiderik onena

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Kaukasotik laugarren bidaia da honako hau eta milaka kilometro egin ditut hemengo errepideetatik honezkero. Karretera txarrena Georgian tokatu zitzaidan, Zugdiditik Svanetiko eskualdera igotzen den 100 kilometroko "tortura" hura. Onena, aldiz, honako hau duzue, Armenia eta Nagorno Karabakh lotzen duen pasabidea, hain juxtu. Jerevandik hona 6 orduko bidaia da: triki-traka amaigabe bat, autobusaren motelgailuen garrasiek pentsatzen apenas uzten dizutelarik.

Bat-batean, isiltasuna da nagusi: hegan goazela dirudi eta, badaezpada, leihotik begiratu dut. Hodeirik ez, margotutako marrak ikusi ditut karreteran lehendabiziko aldiz, eta bazter-babesak bere bi aldeetan. Armeniar Diasporak finantzatutako "Lachin-go pasabidea" da hau, Kaukasoko errepiderik onena.

Kanal honetako sarrerako mapari erreparatzen badiozue, Nagorno Karabakh-i umekiaren itxura aterako diozue agian. Karabakhtarrak armeniarrak dira, baina "umekia" Armenian ez, Azerbaijanen barruan dago. Independentzi gerra irabazi zuenetik, Karabakh errepide honetaz baliatu da suministroak, armak, eta bizirauteko behar izan duen guztia Armeniatik ekartzeko. Gauzak honela, Lachingo pasabideak isolatutako eskualde honen "zilbor hestea"ren funtzioa bete du.

Armeniarrek karretera eraiki ez ezik, inguruan bizi ziren musulmandar guztiak akatu edo kanporatu zituzten. Jerevango jeneralek hemengo artzain eta baserritarrek "zilbor hestea" moztu zezaketela zioten; hobe zen ziur jokatzea, badaezpada.

Kontua da "artzain eta baserritar" haiek azeriak ez, kurduak zirela. Izan ere, Nagorno Karabakh eta Armeniaren arteko euren eskualdeari "Kurdistan Gorria" deitu ohi zitzaion sobietar garaietan. Urte askoz, Lachin hirian baino ez ziren inprimatzen kurduerazko liburuak mundu osoan, eta leku askotako hizkuntzalariak iristen ziren kultur altxor hau ikertzera. Paradoxa bada ere, atzamar itxurako eskualde ttipi hau 35 milioi laguneko nazio baten erreferente izan zen.

Gerra bukatzean Armeniarrek "Kashatag" birbataiatu zuten eskualdea, eta Lachin hiria, "Berdzor". Kaukasoko errepide onenaren izena besterik ez da "Lachin" gaur.

Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan