Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Flandes

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Egunez egun

6. eguna

Frantzian flandestarrik ba ote?

Egilea: Karlos Zurutuza

Kassel

Karlos Zurutuza

Kassel herria duzue honako hau, agian Frantziako Flandesko herririk politena. Jakin-min handia neukan eskualde hau ezagutzeko aspalditik. Gogoan dut oraindik Frantziako nederlandera hiztunen berri izan nuen lehenbiziko aldia. Hizkuntzen atlas horietako bat neukan eskuartean, eta oso bitxia iruditu zitzaidan Frantziako ipar mendebaldean bereizitako lur puska txiki hura. Orban hori batek 20.000 nederlandera hiztun ordezkatzen zituen.

Frantziako Flandes, Lille hiri industrialetik Dunkerkeko porturaino zabaltzen den eskualdea da. Parisek, nolanahi, “Nord” izena jarri zion, bere aniztasunaren eta ezberdintasunaren asimilazio politikari leial.

 

Bruselatik Lillera joateko Londresera doan trenean sartu nintzen. Frantzian jaitsita ere, pasaportea erakutsi behar izan nion… britainiar ofizial bati! Antza, Europa barruko mugak desagertu ez ezik gero eta absurdoagoak dira.

 

Hiru egun eman ditut Frantziako Flandesen. Lilletik Dunkerkerainoko flandestar arkitekturari erreparatu diot, kaleetako flandestar sinbolo eta banderei, bai eta jendearen Europa iparraldeko fenotipoari. Baina apenas aurkitu dut jatorriko hizkuntzaren arrastorik; ez seinale elebidunik, ez argitalpenik…Nederlandera behin baino ez dut entzun egunotan.

 

Oso esanguratsua iruditu zait Kassel herriko plazaren argazki hau. Atzeko adreiluzko fatxada, Belgikako Flandes nahiz Herbeheretan erraz aurki liteke. Erreparaiozue baita ere lore apaindura bitxiari; zenbat diru eta denbora gastatuko zen horretan, agian nederlanderazko liburuxka bat ateratzeko adina. Ziurrenik, seinale elebidun bat paratzeko nahikoa.

 

Baina bandera sortak eman dit atentzioa. Onartu behar dizuet denbora dezente eman dudala haizeak jotzeko zain argazkia politagoa izatearren. Baina, ikusten duzuen bezala, alferrik.

 

Hor dauzkazue Alemania, Frantzia, Herbehereak, Erresuma Batua…Honela agurtzen ditu Kasselek handik datozen turistak.

 

“Baina Flandeskoa ere badago!”, esango duzue.

 

Belgikako Flandesko turistentzat ere, jakina.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan