Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Erreportaje idatziak

Galdera

Egilea: Urtzi Urrutikoetxea

Galdera argia da: “Estatu independente gisa eratzea onartzen duzu?”. Ez da euskal mendebaldarroi egindako itauna, bistan da. Baina Eskozian ez dute zortzi lerroko galderarik erabiltzen, denek argi dutena esateko. Independentziak zenbat jarraitzaile eta zenbat aurkari dituen da gakoa, ez besterik. Eta ez dut zalantzarik zer-nolako trauma litzatekeen Londresen Eskozia bereiztea. Irlandako batasuna Londresen eragin handirik gabe gerta liteke, baina zer Erresuma Batu osatu Ingalaterra ia bakarrik geratzen delarik (barkatu galestarrok)?

Oso leku gutxitan daude Europan antzeko gatazkan: Erresuma Batuan, Belgikan eta Espainian. Mendebaldeko gainontzeko herrialdeetan, edo oso gutxi dira nazio txikiak (Alemania, Eskandinavia) edo, herri gutxitu asko izan arren, auziak oso atzean daude agenda politikoan (Frantzia, Italia). Ekialdeko herrialde gehienek ere badituzte gutxiengoak baina aldameneko estatuan nagusi izanik, muga aldaketa erabat tabua da, dozena erdi estatutan bizi diren hungariarrentzat adibidez.

Sinesgaitza da britainiarren jarrera, polemika, zarata eta eztabaidatik ahalik urrunen dauden tesietan dauden gatazka iberikoen aldean. Eskoziako independentistek Katalunian edo EAEko Legebiltzarrean abertzaleek baino askoz boto portzentaje txikiagoa izanik, ez dute ezkutatzen zein helburu duten. Eta oinarri demokratikoa inork ez du zalantzan jartzen, gehiengoak gura duena beteko da. Jendea limurtu eta independentziara erakarriz gero, bikain, eta osterantzean, lanean jarraitu (ez, ordea, Galizian edo Nafarroan bezala perfil abertzalea jaisten). Aurkariak, laboristak nahiz kontserbadoreak, beste horrenbeste. Independentistak deabrutu beharrean, estatu bakarrean batuta jarraitzea mila aldiz komenigarriagoa dela aldarrikatzen. Independentziak ekar ditzakeen galerez berbetan, noski, beldurraren estrategia da beti independentziaren aurkako arma eraginkorrena. Askatasunak beti dakarren beldurra da, batzuentzat zirrara dena izua da besteentzat. Baina hala behar du eztabaidak.

Gurean berriz, tankeen mehatxua modan ez dagoenez, bide hobea aurkitu dute: epaitegiak hiru botereetatik bat izanik, demokrazia zuzenaren muga demokratiko bihurtzen da. Eskozian parametro argietan daukate eztabaida, independentzia gura duzu ala ez duzu gura. Hemen zarata da nagusi. Diskurtso zirkularrak eta indefinizioa gailentzen dira, eta alderdi abertzaleek ataka gaindiezina daukate urruneko asmo ederren eta berehalako politiken artean. Eta beti, txikira jolasten, bistan da.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan