Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Egunez egun

3. eguna

Nessiren misterioa

Egilea: Lander Arbelaitz

Nessiren misterioa

Lander Arbelaitz

Sekula ikusi ez duenak pentsa lezakeenaren aurka, Ness lakuak, adibide bat jartzeagatik, ez du Senperekoaren batere antzik. Luzexka da eta 37 kilometro neurtzen ditu hegoaldeko puntutik iparraldekora. Hala ere, ertzetako batetik bestea ikusten da. Ibai zabala dirudien lakua da. Inguruak ere, zoragarriak ditu.
 
Hala ere, ez da bertako inguruengatik egin ezaguna. Bertako piztiak eman dio mundu mailan izena. Izena ere badu: Nessie.

Aspaldiko kontua dela irudi lezakeen arren, dena 1933an hasi zen. Londrestar batek zerbait ikusi zuela eta hedabideetara deitu zuenean. Dragoi edo historiaurreko animaliaren baten antza zuen izakia ikusi zuela zioen gizonak ziur. Lakuaren bazterreko errepidetik zihoala ikusi omen zuen eta gainera, animalia bat zuela ahoan. Hurrengo hilean, albaitaritza ikasle batek idatzitako antzeko gutun bat jaso zuten egunkariek. Istorioa berehala hasi zen bertako hedabideetan oihartzuna izaten, eta berehala heldu zen nazioartera.

 

Urte bereko abenduan lehen argazkia kaleratu zuten Eskoziako egunkariek. Gutun oldea hasi zen iristen egunkarietara, zerbait ikusi izanaren testigantzekin. Hasiera batean arrain-piztia, itsas-sugea edo dragoia bezalako hitzak erabiltzen hasi baziren ere, berehala bataiatu zuten Ness lakuko piztia bezala.

 

Ikerketak ere egin izan dira, behin-betiko erabakitzeko ea egiatan piztia uretan zebilen, ala jendearen irudipenak baino ez ziren. Hala, istoriak intrigatuta, beste londrestar batek 1934an 20 pertsonako talde bat antolatu eta goizeko 9etatik arratsaldeko 6ak arte lakua zaintzea erabaki zuen, bost astez. Puntu ezberdinetan barreiatu ziren, prismatiko eta kamerekin prestatuta. Ez omen zuten froga zehatzik ekarri.

 

Eskaner erraldoi batzuekin ere saiatu izan dira lakua orrazten, baina hain luzea izaki eta zenbait puntutan 230 metrorainoko sakonerarekin, ezin izan dute itxurazko ikerketarik egin.

 

“Etor daitezela Ingalaterrako soldaduak lakua ikertzera, ea urpekariren bat eramaten duen gure Nessiek”, dio Inverness herriko gida turistikoak erdi haserre. “Guzti horiek baino askoz ere azkarragoa da bera, eta ezkutatzea lortzen du gizakia bere uretan dabilela antzematen duenean”, dio erdi-txantxetan, erdi-serio.

 

Harrigarria da zenbat pertsonak sinesten duen piztia ikusi duela. Nik, egia esan behar badut, ez nuen ezertxo ere ikusi; baina gurekin taldean zen emakume australiar heldu batek, duela 30 urte ikusi egin omen zuen. Bene-benetan esaten zuen, sinesten ez zionarekin ia haserretzeraino.

 

Egia ala gezurra, Ness Lakuko piztiaren istorioa behintzat, turismoa erakartzeko modu polita da.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan