Seguru al gaude?

  • Krimen guztiek dituzte delitugile bat eta biktimak, eta beti gizarte baten baitan gertatzen dira. Nondik hasi behar dugu, ordea, aztertzen? Zein da irtenbidea? Kriminologia korapilo horiek guztiak askatzen saiatzen da. José Luis de la Cuesta, Donostian dagoen Kriminologiaren Euskal Institutuko (KREPI) zuzendariarekin hiz egin dugu. Dioenez, gizarteak onartzen ez badu ere, egun trafiko urraketak dira gehien gertatzen diren delituak.

2004ko martxoaren 28an
Ez omen dago delinkuentziarik gabeko gizarterik, beraz, delinkuentziarekin bizitzea beste erremediorik ez dugu. Jean Pinatelen hitzak ekarri dizkigu gogora José Luis de la Cuesta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariak, gizartea "kriminogenoa" dela adierazi digunean. Delitu den gertakizun bat ordea, ezin da egileari erantzukizunak eskatuz soilik aztertu, gizarteak duen erantzukizuna ere kontuan izan behar dela esan digu De la Cuestak. Egin beharrekoa, "errealitate hori ongi ezagutu ondoren, delituari aurrea hartu eta hari erantzuten jakiteko tresnak bilatzea da". Kriminologiak, beraz, ez luke jokabidearen kontrolera mugatu behar, guztion ongizatea bermatu behar luke. Ez bakarrik "onak" kontsideratzen garenon ongizatea, baita delitugilearen eta noski, biktimen ongizatea ere -batik bat ahulenena-.

Kriminologia hainbat diziplinen gurutzagune da: zuzenbidea, soziologia, psikiatria… Diziplina horiek guztiek parte hartu behar dute krimenaren fenomenoa sakon aztertzeko. Errealitate konkretua aztertzen saiatzen dira, datu estatistikoen, elkarrizketen eta beste teknika batzuen bidez, ondoren, hori guztia ebaluatzeko.

Ikerketa da Kriminologiaren Euskal Institutuaren lehen egitekoa. Bi ikerketa mota egiten dituzte: kriminologiaren alde teorikoa aztertzea dute xede batzuek eta, erakundeek eskatutako ikerketa zehatzak, besteek. Eskaera hauek Udalen batek, Eusko Jaurlaritzak edo nazioarteko erakundeek egiten dituzte.

Institutuaren ikerketa teorikoek gaiok aztertzen dituzte: politika kriminala eta praktika penalak, adin txikikoen delinkuentzia, segurtasun ezaren pertzepzioa eta delinkuentziaren prebentzioa; eta biktimologia eta justizia leheneratzailea. Teknologia berriak ere sartu dira ikertzaile hauen ikusmiran eta hasi dira ziberkriminalitatea deitzen duten delinkuentzia modu berria ere aztertzen.

Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, drogamenpekotasunari buruzko ikerketa bat dute abian. Eta Europako Batasuneko A.G.I.S. proiektuaren barne, adin txikiko inmigranteen delinkuentziaren inguruko beste batekin ere ari dira lanean. Unescorentzat Euskal Autonomia Erkidegoan ingurugiro delinkuentziaz dagoen pertzepzioa aztertzen duen ikerketa ere martxan du.

Nazioarteko ikerketa zentroa ere institutuaren jardunaren barne sartzen da, baina departamentu autonomo gisa funtzionatzen du. Delinkuentzia, marjinazioa eta gizarte harremanak aztertzen ditu eta Euskal Herriko Unibertsitatea eta Nazioarteko Kriminologia Elkarteak osatzen dute. Zentro honen ekimenek nazioartean proiekzio handiagoa dute.

Ama, kriminologo izan nahi dut!

Institutuak kriminologia masterra eta diploma eskaini izan ditu. Bi titulu hauek desagertzear dira, ordea; kriminologia 2. zikloko lizentziatura bihurtu baita eta, beraz, Zuzenbide Fakultatean ikasi beharko da. Ondorioz, Institutuak formazioa gehiago espezializatuko du, aurki gazteen kriminologiari buruzko masterra eskainiz. Etorkizun urrunean, kriminologia aplikatuko diploma ere eskaini nahi dute.

Ikastaro labur, jardunaldi, bilera, kongresu eta symposium bitartez kriminologiaren ezagutza gizarteko sektore zabalago batengana hedatu nahi dute. EHUk antolatutako udako ikastaroetan parte hartzen dute eta aurtengo udarako hirugarren adineko pertsonek jasandako tratu txarrei buruzko ikastaro bat dute prest Hurkoa fundazioarekin elkarlanean. Hori baino lehen, martxoaren 26 eta 27an, Globalizazioa eta drogak izenburua duen nazioarteko symposiuma egingo dute.

Bestalde, Eguzkilore aldizkarian, zentroaren aktibitate eta emaitza akademikoen berri ematen dute. Gai zehatzei buruzko liburuak ere argitaratzen dituzte.

Seguru bizi ote gara?

Kriminologiaren ikuspuntutik, segurtasun eza nagusi den klima batean bizi garela dio De la Cuestak. Baina klima hori ez omen du delituen ugaritzeak eragin. Kezka orokorragoa da: "Egungo gizartea oso arduratuta dago segurtasuna dela eta, ez bakarrik erasoen beldur delako. Gero eta ohikoagoa da pentsio planak egitea edo gure ondasunaren parte handi bat aseguratzea. Horrek, delinkuentziaren aurrean ere beldur handiagoa dakar".

Delituak ugaritu egin dira azken urteetan Espainian; baina igoera hori ez da hain handia izan, gainontzeko herrialdeetan eman denarekin konparatuz gero. Preso kopurua aldiz, gainontzeko herrietakoa baino altuagoa da. Eusko Jaurlaritzaren Barne Kontseilaritzak eskaintzen dituen datuek aditzera ematen dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko delinkuentzia indizea Espainiakoa baino 40 puntu txikiagoa da EAEn. 1.000 biztanleko 56,72 delitu egiten dira EAEn; Espainian, ordea, 97,49. Poliziaren eta Segurtasunaren Ikerketen Institutuak argitaratzen dituen datuen arabera, 2002an EAEn 2.109 delitu egin ziren; artean, Madrilen 308.408 izan ziren.

Delitugilearen irudi okerra

Ezin da delitugile baten perfila zehaztu, delitu motaren araberakoa izaten baita. Delitu gehienak jabegoaren aurkakoak dira, baina normalean ez dira garrantzia handikoak: lapurreta txikiak, maulak… Kasu horietan ez da pertsona erasotzen. Delitu horiek egiten dituena, kasu gehienetan, gizartean integratu gabeko pertsona izaten da, ez bereziki erasokorra, eta bilatzen duen bakarra aurrera egiteko baliabideak dira.

Gizartea delituaren beldur denean, ordea, ez da pertsona horien beldur. Hiltzaile anitz baten irudia du buruan eta eguneroko bizitzan ez da ohikoa horrelako kasu bat topatzea. De la Cuestaren ustetan, bada aztertzea merezi duen beste fenomeno bat, familia indarkeriarena: "Gero eta kasu gehiago ikusten ari gara eta erasoak gero eta bortitzagoak dira gainera. Heriotza ere eragiten dute. Kasu horietan gertuko norbait da erasotzen gaituena, ez kalean harrapatzen gaituen ezezaguna".

Dena den, kalean aipatzen ez den arren, infrakzio penal gehien errepidean egiten dira. Trafiko arauak urratzea, alegia. Kode penalaren arabera delitu dira baina gizarteak ez ditu hala kontsideratzen.

Historia
Kriminologiaren Euskal Institutuak 25 urte bete zituen 2003an. Euskal Herriko Unibertsitatearen Institutuetariko bat da eta bere aktibitatea hiru arlotan banatzen du: ikerketa, formazioa eta hedapena.
Formalki 1978an sortu bazen ere, lehenago hasi zuen bere jarduna; Antonio Beristain, orain gutxi arte Institutuko zuzendari izan denak, jende talde bat martxan jarri zuen eta bilerak eta kongresuak egiten zituzten. 1976an dagoeneko Nazioarteko Kriminologia Elkarteak ikastaro bat egin zuen bertan.
Garai hartan egin ohi zen fenomeno kriminalaren azterketa oinarrian juridikoa zen. Beristain eta beste hainbat adituren ustetan, azterketa horrek orokorragoa behar zuen; lege eta epaileez gain, beste tresna batzuk erabiliko zituena. Horrela, beste diziplina batzuetatik zetozen pertsonak bildu eta haiengan kriminologiagatiko interesa sortzen saiatu zen.
Kriminologia alorrean oso garrantzitsuak diren pertsona igaro dira Institututik: Nazioarteko Kriminologia Elkarteko zuzendari izan diren guztiak, eta baita Nazioarteko Zuzenbide Penaleko Elkartekoak ere. Tartean, M.Ch.Bassiouni, Erromako Konferentzia zuzendu eta horren ondoren Nazioarteko Epaitegi Penalaren sorreran funtsezko izan zena.
Aurrera begira, bi erronka ditu Kriminologiaren Euskal Instituak: irakaskuntza birtuala sustatzea eta zentroa nazioarteko egitea.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude