argia.eus
INPRIMATU
‘Queer’ klasikoa
2025eko maiatzaren 22a
Baluarte Fundazioa

Samuel Mariño + Gabetta Consort

Zuzendaria eta biolin bakarlaria: Stefano Barneschi.
Zer: Purcell, Händel, Geminiani, Vivaldi eta Graunen lanak.
Noiz: maiatzaren 9an.
Non: Iruñeko Baluarte Jauregian.

----------------------------------------------------------------

Samuel Mariñoren errezitaldi bat ez da ahots eder batez gozatzeko aukera bakarrik. Operaren munduak, errezitaldi lirikoarenak kasu honetan, bestelako estetika bat izan dezakeela egiaztatzeko aukera bat da. Eta, era berean, kantuaren mundua etnia kaukasikoa, europarra eta familia oneko artistetara mugatuta ez dagoela egiaztatzeko aukera ere bada, Mariñok berak dioen bezala. Beste errealitate batzuk eszenatokian egon daitezke eta daude, amets eginarazteko.

Mariñoren kasua, ahots-tesiturari dagokionez, berezia da. Nerabezaroan bere ahotsean ez zen ohiko aldaketarik gertatu, eta tesitura agudoa mantendu zitzaion. Horregatik, gizonezko baten soprano-tesitura kasu bakanetako bat da, modu naturalean, faltsetea erabili gabe.

Egungo panorama lirikoaren ahotsik erakargarrienetakoa izateaz gain, eszenatoki gaineko kantari ausart, urratzaile eta aldarrikatzaileenetakoa izateagatik ere nabarmendu da. Ozenki aldarrikatzen ditu bere nortasuna –gizon queer bezala– eta bere homosexualitatea, eta musika klasikoaren ingurune oraindik enkorsetatua eraldatu nahi du. Bere opera barrokoko errezitaldiak trabestismo eta ahots-birtuosismozko show gisa bizi ditu, gero eta jarraitzaile gehiago batuta munduan zehar, batez ere belaunaldi berrien artean.

Oraingo honetan Mariñok liluratu gintuen musika barroko dotore, zaindu, musikaltasun handiko xehetasunez betearekin, eta ohituta gaudenerako, eszenaratze bitxi baina dotorearekin, zalantzarik gabe. Emakumezko janzkera dotore batekin agertu zen, takoi altuekin. Soprano askok nahiko lukete horrelako look bat izan.

Eta orain, gehien axola zaiguna: bere ahotsa. Händelen Lotario: Scherza in mar la navicella lehenengo ariatik, ahots berezi baten aurrean geundela egiaztatu ahal izan genuen. Bere koloraturak, bere agudo distiratsuak eta bere fraseatze ederra izan ziren saio osoaren ezaugarriak. Egia da ez duela ahots-bolumen handirik, eta bere harmonikoak mugatuak direla. Ez da ahots handi bat. Baina bere interpretazio biziak, karga emozionalak, eta, arlo teknikoan, esan dudan bezala, koloraturetarako hain erraztasun handiak, interprete berezi eta oso ona bihurtzen dute.

Unerik ederrenetako bat Lascia la spina izan zen, Händelen Il trionfo del tempo e del disinganno oratoriokoa. Ikaragarrizko fintasunez eta beste bertsio batzuetan entzuten ez diren ñabardurekin interpretatu zuen Mariñok.

Jakina, Gabetta Consort taldearen lana nabarmendu behar dugu, zuzendari eta kontzertino lanetan Stefano Barneschi aritu baitzen. Bai bere parte-hartze instrumentaletan, bai bakarlariari lagunduz, dotore, afinatu eta guztiz konpaktatua aritu zen taldea.