argia.eus
INPRIMATU
Kolapsoaren entsegu bat
Jesús Rodríguez 2025eko maiatzaren 14a

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino gehiago ziren elektrizitatea joan zela, eta iluntasunak hartuta zeuden kaleak; bitartean, etxeak ezohiko isiltasunez beteta zeuden, telebistarik, mugikorrik eta bideo-kontsolarik gabe jarraitzen baitzuten. Salbuespenezko egoera hori pandemian bizi izan genuenaren oso bestelakoa zen. Protagonismoa ez zuen hartu Pedro Sánchezek pantaila txikitik, ezta betiko militarrek ere; krisiaren kudeaketak protagonista anonimoak zituen: partekatzeko pilak, kandelak edo janaria zuen zeinahi bizilagun. Goizaldean fluxu elektrikoa bueltatu zen, pertsiana jaitsita zuten erakusleihoetako argiak piztu ziren, eta normaltasunaren errutinara itzuli ginen, kolapsoaren entsegu bat egin ondoren.

Hurrengo egunean, AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalaren webgunean egiaztatu genuen atmosferako CO2 kontzentrazioa 430,63 ppm-ra iritsi zela egun hartan, Hawaiiko Mauna Loa sumendiaren behatokian. Datu horrek ziurrenik ez dizue ezer esango gehienei, baina komunitate zientifikoan kezkaz hartu zuten. 2015eko Parisko Akordioek ezarri zuten 2025ean berotegi efektuko gasen isuriak jaisten hasi behar zirela, berotze globalak 1,5 graduko muga arriskutsua gainditu ez zezan, baina apirilaren 28an atzemandako ppm kontzentrazioak guztiz kontrakoa iragartzen zigun. Energiaren Nazioarteko Erakundearen kalkuluen arabera, 2024ko emaitza beste kolpe bat izan da, hazkundea izan baitu aurreko urtearekin alderatuta. Indian ikatzaren erabileraren gorakada dela edo hegazkingintzarena dela, goranzko joera globalari ezin izan diote buelta eman, ez Europan eta Txinan energia eolikoa eta fotovoltaikoa ezartzeko egin diren ahalegin handiek, ez kontinente zaharraren desindustrializazioak ere.

Kataluniako oligarkek klima-aldaketa ukatzen dute eta erauzketa fosileko enpresen buru dira, baina erretiroa Kantauri itsasoko freskotasunean ziurtatzen dute

Neurrigabeko kapitalismoagatik pribilegioak pilatzen dituztenek ez diote galgarik jarri nahi planeta finituko hazkunde ekonomiko infinituari. Beheraldia datorrenerako hegemonia planetarioa lortzeko beharrezkoak diren baliabide mineral eta energetikoak metatzeko lasterketa zoroan sartu gara. Zehazki horri buruz ari dira Donald Trumpen asmo inperialak, Kanada edo Groenlandia anexionatzeaz hitz egiten duenean. Baina Etxe Zurian negazionismo klimatikoarekin daudenean ere B planean pentsatzen dute –ez gizateria osoarentzat, hautatuen kastarentzat baizik–. Planetako zona tropikalak hamarkadaz hamarkada berotzen doazen heinean, iparralderagoko latitudeetara mugituko dira behartutako migrazioak, aire arnasgarriagoa eta euri-erregimen erregularra bilatzera. Eskala txikiagoan, Kataluniako oligarkien familia handiak pisuak eta landa-etxeak erosten ari dira Euskal Herrian; klima-aldaketa ukatzen dute eta erauzketa fosileko enpresen buru dira, baina erretiroa Kantauri itsasoko freskotasunean ziurtatzen dute.

Hainbeste bidegabekeriaren aurrean, gazte belaunaldiak ahotsa altxa du. Maiatzaren 3an 3.000 lagun bildu ziren Mont-roig del Camp-en (Tarragona), jatorri korearreko bateria elektrikoen makroplantaren instalazioaren aurkako aldarri ozena egiteko. Irteerarik gabeko kalezuloaren aurrean, auto elektrikoek irtenbidea irudi lezakete, baina Revoltes de la Terra mugimendu berriak bultzatutako ekintza eta hitzaldietan argi utzi zuten ez dagoela desazkundea beste irtenbiderik. Planetaren odola xurgatzen jarraitu nahi dutenek gidatutako trantsizio berdeak, kasurik onenean, amildegia urte batzuk atzeratu besterik ez du egingo. Gazte belaunaldi honek, azkena izan litekeenak, ez du asmorik onartzeko etorkizunik ez izatera kondenatzen ditugula. Gure betebeharra da haiei babes osoa ematea.