Bistan denez, Alan Lomaxen bilketa baino lehen ere izan ziren atzerrian euskal kantuak grabatu zituztenak. 1938an, esaterako, Song of the Basque Children grabatu zuten Ingalaterran. Haurrak ziren interprete, 1937ko maiatzaren 22ko gauean SS Habana itsasontzian Santurtziko portutik irten eta Southamptonera abiatu ziren haietakoak. Hamar urtetsu geroago, 1949an, Song of the Basques grabatu zuten Boise, Idahon (AEB). Musika astea egin zen Idahoko hiriburuan, eta euskaldunak gonbidatu zituzten. Batu ziren bizkaitar artzainak, diskutitu zuten zer kantatu, zelan, eta parte hartu zuten. Diotenez, negar egin zuen jendeak, Euskal Herri zaharreko kantuak entzun zituenean.
Garaitsuan, baina etxean bertan, kantuak biltzeari lotu zitzaion ospe handiko pilotari Ximun Haran. “Gu pilotariak ginen, eta txoko guztietan gure jokoa erakutsi ondoren, gauean herriko tabernan afaltzeko egiten ziguten gonbita gustura onartzen genuen. Azken-burukoa ekarri bezain laster kanturako gogoa nagusitzen zen, eta kantaldi haiek berandu arte luzatzen ziren. Queheille Altzürükükoak Belatsa kantatu zuen gau batean, letrarik gabeko kanta benetan ederra, gabirai baten hegaldia imitatzen duena. Queheilleri entzuten genion bitartean, Mixel Epherrek ahopeka esan zidan: ‘Bera da hori kantatzen dakien bakarra; berarekin batera desagertuko da kanta ere’. Entzundakoak kezkatu egin ninduen, eta, horrela, Frankfurtera joatea erabaki nuen Grundig bat erostera”. Hasteko, Barkoxen, Senperen eta Amotzen, Larrainen eta Santa Grazin burutu zituen grabazioak, eta ondoren, berriz, Bermeon, Azkoitian eta Bilbon. Ehun zinta inguru grabatu zituzten, eta binilozko sei disko luze izan ziren emaitza, Euskal Museoa bildumaren barruan argitaratuak. 2003an, bestalde, Xiberoko kantüak berrargitaratu zuen Elkar etxeak.