Aurki 50 urte beteko dituen Sopelako Ander Deuna Ikastolak badu zer irakatsia borondatezko elkarlanari dagokionean. 60ko hamarkadan herrian sortutako Alkartasuna kultura taldeak eta zenbait gurasok atera zuten aurrera ezerezetik; eta gaur egun oraindik, seme-alaben heziketaren zati bat ikastolak behar dituen lanak eginez ordaindu ditzakete gurasoek.
Gaur egun 880 bat ikasle biltzen dituen Sopelako zentroak ikastola askoren sorrera berbera eduki zuen, 1968. urtean: elizpean hasi ziren eta, ikasle kopurua handitu ahala, zenbait lekualdaketa izan ditu, gaur egun arte. Ikastola askok, normalean, maileguak edota diru-laguntzak eskatu ohi zituzten aurrera ateratzeko. Ander Deunakoek, horrez gain, autogestioaren bidea aukeratu zuten.“Hasieratik, ikastolaren sortzaileek argi zuten familien berdintasunean oinarritutako proiektua egin nahi zutela”, dio Xabier Ugaldek, ikastolako zuzendariak, “beraz, estatutuetan jada zehaztu zuten, haurren heziketaren zati bat ordaintzeko modua ikastolak behar zituen lanak gurasoek egitea izango zela”.
Bakoitzak bere esperientziatik zekiena eskaintzen zuen: haurren zaintza, garbiketa, eraikuntza… Gurasoen arteko elkarlan horren adibiderik garbiena, ikastolaren azkeneko egoitzaren eraikitze prozesua dugu: “70eko hamarkadaren amaieran erosi zuten orubea, baina bertan ez zegoen eraikuntzarik –kontatu du Ugaldek–. Gurasoek beraiek eraiki zuten egoitza osoa auzolanean, bai eraikina, baita kirol-guneak, parkeak edota igerilekua ere”.
Duela 15 urte, ikastolak aldaketa garrantzitsua izan zuen antolakuntzan: lanak egitea derrigorrezkoa izatetik, aukerakoa izatera igaro zen. “Guraso ugarik jada ez zuen denborarik ikastolaren bizitzan horren inplikatuta egoteko, euren lanengatik batik bat. Horregatik hartu zen erabaki hori”, dio Ugaldek. Gaur egungo datuen arabera, gurasoen %35ek lanak egiten dituzte (matrikula ordaintzeaz gain), eta %65ek dirua ordaintzen dute lan egitearen ordez. “Egoera zaila da, baina partaide guztiek ikastolaren filosofia oso itsatsia dute, eta ez dut uste datu horiek behera egingo dutenik”.
Ander Deunak kooperatiba integral gisa funtzionatzen du: erabaki guztien %50a bertako langileen esku dago (irakasleak, administraziokoak...) eta beste %50a gurasoen esku. “Bi artezkaritza kontseilu nagusi daude, bata alde kooperatibistaz arduratzen da eta bestea alde pedagogikoaz, eta denetan daude gurasoak ordezkatuta –azaldu digu Ugaldek–. Bestalde, gela bakoitzak guraso bat du ordezkari, eta horiek gurasoen batzordea osatzen dute, batez ere aholkularitzan aritzen dena”. Gaur egun ikastolaz kanpoko lanek gero eta denbora gehiago hartzen dutela ikusita, oporraldiak edota asteburuak aprobetxatzen dituzte guraso askok, ikastolara etorri eta egin beharreko konponketak egiteko.
Ander Deunako zuzendariak onura handiak ikusten dizkio ikastolaren kudeaketan auzolanean aritzeari. “Batetik, ekonomikoa: bai gurasoek seme-alaben heziketa ordaintzeko, baita ikastolak berak behar dituen gastuak ordaintzeko ere. Bestetik, proiektu oro gero eta jende gehiagoren artean aurrera ateratzea aberasgarriagoa da beti. Baina batez ere, gurasoek haurren heziketan zuzeneko eragina dutela sentitzea da onurarik handiena”. 1993. urtean ikastolak 25 urte egin zituela-eta ateratako liburuxkan, ez zuten kasualitatez Jesse Jackson aktibista estatubatuarraren esaldia berreskuratu: “Zimendu lez gurasorik ez duen heziketa sistema hondorik gabeko upela da”.