Europako Banku Zentraleko (EBZ) buru Mario Draghik irail hasieran iragarritako neurriek EBko krisia kudeatzeko orain arteko neurri ortodoxoekiko nolabaiteko bira iragartzen dute. Iragarpen horrek Europako ekonomiaren shock egoera onartzen du eta, bide batez, sei urteko krisi larriaren ostean Europar Batasunean (EB) orain arte indarrean egon den austeritate politika ortodoxoaren porrota egiaztatzen du. Izan ere, defizit zein zor publikoa kontrolatzeko helburuarekin murrizketek ekonomiaren izotzaldia ekarri dute eta kontu publikoen narriadura areagotu. Austeritatearen eragina EBko gunera –Alemaniara– atzeraldi moduan iritsi denean, deflazioaren mamuari aurre egiteko ekonomia politika zorrotza malgutzeko joera heldu da. Eszenatoki berrituaren lerro nagusiak Draghiren hitzek marrazten dituzte. Hitz horiek susperraldiaren iraunkortasuna astintzen dute eta EBn austeritatearen dogma nabarmentzera datorren kontsentsu politiko berri baten aurrekariak dira.
Abuztuan munduko finantza eragile nagusien aurrean Draghik aitortu zuen euro-guneak 2010etik gaurdaino hartutako aurrekontu politikak gainerako herrialde garatuena baino efikazia apalagoa erakutsi duela. Halaber, onartu zuen EBZ eta diru politikak ezin direla arazo guztien irtenbidea izan. Horiek horrela, Draghik gaineratu zuen kontsolidazio fiskala helburu duen politika leundu beharko litzatekeela, hazkundea laguntzeko eta aurrekontu politika aktiboagoak eta koordinatuak ezartzeko Europako ekonomiaren geldialdia saiheste aldera. Ondoren EBZk neurri zehatzak bideratu ditu, interes tasa ia zero izaterainoko jaitsiera eta zor pribatuaren erosketaren bidez likideziaren hedapenaren iragarpena. Horien eragina berehalakoa izan da, euroaren kanbio tasa jaitsi da, zor publiko periferikoaren interesa hondoratu da eta euriborra ere beheratu, esate baterako. Neurri horiek laguntzeko, EBren Batzorde buru berriak, Juncker-ek, inbertsio publiko gisa datozen hiru urtetan 300.000 miloi euro bideratzeko prest azaldu da, orain arteko aurrekontuaren uzkurraldiaren amaiera ekarriko lukeena.
EBko ekonomia politikaren aldaketarako –xumea, dena esateko– zantzu berri horiek bi estrategia politikok izandako porroten ondorio dira. Hasteko, austeritate politikek lau urte eta gero izandako porrota dago –lehenago aipatu dudana–, zeinak aurreikusitako helburuak ez dituen bete eta populazioaren bizi baldintzen narriadura eta gizartearen pitzadura ikaragarria ekarri duen. Bigarrenez, krisiaren bestelako irtenbidea ekarriko omen zuen alternatiba sozialdemokrataren porrota dago. Zapaterok goiz bistaratu zuen eta berriki Frantziako Gobernuaren krisiak eta emandako erantzunak sozialismo klasikoaren ezina erakusten du. Alemaniako aginte faktikoen inertziak ahulduta Europako eliteen kontsentsu berriaren oinarriak azaltzen ari dira dagoeneko eta horien edukiak egungo austeritate politikaren lerro nagusietan eta erreforma estrukturaletan aurkitzen dira, baina, baita ere, epe laburreko hazkundea suspertzeko diru politika hedatzaileetan, kontsolidazio fiskalaren helburuak malgutzean, inbertsio pribatuari bideratutako laguntza gehigarrietan eta Europa mailako inbertsio publikoetarako planetan. Estrategia ekonomiko malguagoa duen EB eremuko kontsentsu berriak arlo politikoan duen ispilua Alemanian martxan dagoen kontserbadoreen eta sozialdemokraten arteko aliantza litzateke.