Auburneko unibertsitate estatubatuarreko biologo talde baten arabera, bakterio batzuek gaitasuna dute hainbat egun bizirauteko abioietako leihatiletako beso-euskarrietan, plastikozko mahaietan eta bidaiariek erabili ohi dituzten zenbait objektutan.
Bakterio horietako bat Staphylococcus aureus da, zenbait kasutan azaleko infekzio hilgarria sor dezakeena. Halaber, digestio aparatuan arazo larriak sortzen dituen Escherichia coli ezaguna usu aurkitzen da hegazkinetan.
Aipatu bakterioen erresistentzia neurtzeko, abioietan erabiltzen diren hainbat tresna hegalaldiko baldintzetan mantendu dira, hau da, 24 graduko tenperaturan eta %18ko hezetasunean. Ikerlariek behatu dutenez, Escherichia coli-k lau egun iraun du beso-euskarrietan, eta hiru egun jateko plateretan. Staphylococcus aureus, berriz, gai izan da astebete bizirauteko eserlekuak estaltzeko erabiltzen diren oihaletan.
Azterketaren emaitzak ikusita, AEBetako abiazio konpainietako arduradunek abioien desinfekzioari buruzko hainbat aholku jaso dituzte.