argia.eus
INPRIMATU
Borboi erregearen aberastasuna eta bortxaezintasuna

Juan Mari Arregi 2014ko ekainaren 11

Beti izan da sekretua abdikatu berri duen Juan Carlos Borboikoaren aberastasuna. Errege Etxearen eta gobernuen opakotasuna sistematikoa izan da. Orain arte, Errege Etxearentzat aurrekontu orokorretan erreserbatutako diru kopurua baino ez dugu jakin, 8 milioi euro baino gehiago. Duela hilabete batzuk Erregearen urteko soldata argitaratu zen, 280.000 euro, baita oinordeko Feliperena ere, 140.000 euro. Borboikoaren ondare pertsonalaz baina, ez da ofizialki ezer esan. Atzerrian zenbait datu argitaratu izan direnean, ohiko erantzun labur bera jaso izan dute: “Ez dira zuzenak”. Baina sekula ez dute zifra ofizial zuzenik eman.

Bruselako Unibertsitateko Herman Matthijs-ek, Europako errege etxeen aurrekontu eta ondareetan adituak, 2012an Espainiako Errege Etxearekin alderatu nahi izan zituen eskura zituen datuak, alferrik baina. Ikerlariak zioen Borboikoaren ondasuna 1.640 milioi eurokoa zela. Datu horrek bat egiten zuen Forbes eta New York Timesek argitaratutakoekin. Beste iturri batzuek diote 2.000 milioi eurokoa dela bere aberastasuna. Antza, 540 milioi euro irabazi zituen errenta aldakorrean eta artelanetan egindako inbertsioetan; beste 1.000 milioi euro hainbat ondasuni dagokie. Denek galdera bera egiten dute: nola egin ahal izan du halako dirutzarra, erregetza kasik zerotik hasi bazuen? Susmoak dira, ea zer harreman izan duen mundu arabiarreko enpresekin eta aberatsekin.

Judizialki blindatuta egon denez –egoera horretan jarraitu nahi du abdikatu eta gero ere–, edozer ikerketari iskin egin dio. Logikoa litzateke, edozein herritar bezala, bera eta bere aberastasuna ikertzea. Edonola, halako diru mordoarekin erretiratu ondoren, eskandalua litzateke Gobernuak monarkarentzako aurrekontua mantentzea, zer eta gure zergen bidez. Aski da “mendekoen” kontura aberasteaz. Gainera, ez genuen inoiz aukeratu. Beste errepublika baten garaia da, gardena, justiziaren aurrean inor blindatuko ez duena. Erreferenduma orain!