argia.eus
INPRIMATU
Zaila izango da dinosauroak berreskuratzea
Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko urriaren 24a
Jurassic Park-eko dinosauria
Jurassic Park-eko dinosauria

Jurassic park eleberrian Michael Crichtonek dinosauroen itzulera imajinatu zuen. Eltxo batek odolean garraiatzen zuen ADNaren klonazioari esker musker erraldoiak Lurrean berragertu ziren. Steven Spielbergek eraman zuen zinemara istorioa.

Berriki Proceedings of the Royal Society B aldizkarian argitara emandako artikulu batean, ikertzaile talde batek dio ADNa degradatzen joaten dela urteak igaro ahala, eta ezinezkoa dela 65 milioi urtez mantentzea.

Baieztapen hori egin aurretik, Zeelanda Berrian bizi izan zen moa txori espeziearen 159 hezur aztertu dituzte. Behatu dutenez, ADN molekula batek bere propietateen %50 galtzen du 521 urtero; 65 milioi urte igaro ondoren ezer gutxi geratuko dela pentsa daiteke.