Michel Maya auzapez ingeniariak eskainitako hitzaldiaren ondoren, hainbat kezka eta iradokizun azaldu zizkioten entzuleek. Hona, hauetako batzuk.
Tramayes herriak erraza dauka egur hondakinen erabilpena, irudiz.
Ez dut uste Tramayes hobeto edo okerrago dagoenik beste herrien aldean. Egurra badago nonahi, kontua da berau garraiatzea. Egurra erabiltzeko guk dugun aukera ez da zuena baino hobea, benetan. Niri laurogei kilometrotik deitu eta esan didate: “Auzapez jauna, guk egur hondarrak dauzkagu, salneurri ona akordatzeko prest gaituzu”. Hau da, garestiago ateratzen zaie egur horiek basotik kentzea guri saltzea baino. Benetan, egurra badago, baina botatzen da alferrik.
Berogailuek matxurak izaten dituzte. Oztopo handia al da hori?
Matxurak ditugu, noski. Oztoporik den? Zerbitzu teknikoan hiru gara, ni naiz horietako bat. Beraz, zenbaitetan arazo teknikoak interesgarriak bihurtzen dira. Gurera ez dator kanpoko teknikaririk matxurak konpontzera. Guk osatzen dugu talde teknikoa eta arazoak konpontzen ikasten dugu. Gehienetan giza akatsak dira, adibidez, mailua ahantzi dugu labean edo engranajean. Huskeriak dira. Noski, proiektua espezialisten esku utziko bagenu garestiagoa litzateke. Halaber, pieza-gailu bat berritu behar badugu, ez dugu berehala botatzen. Txukundu eta herriko beste lanetarako egokitzen eta berreskuratzen dugu.
Baionako itsaso-portutik kargamendu asko ateratzen da Europako ipar lurraldeetara: etxe-tresnak direla, egurrak direla...
Horiek energia iturri berreskuragarriak dira. Zergatik ateratzen dira hemendik? Ziur aski erabilpenik ematen ez zaielako. Edota zuen herri edo hirietan berogailu sistemarik ez duzuelako. Gogoetatu behar duzue energia berriztagarriari buruz, eta beharbada, egurra ez da aterako hemendik kanpo. Zuen egurra hemen ustiatu behar duzue. Ez gaitezen tronpatu: Frantzian egurraren beroa da energia gehien ekartzen duena. Zentral hidroelektrikoek baino bero gehiago ekartzen du egurraren bero-energiak. Nire ustez, hemen, Euskal Herrian, ez duzue aski hitz egiten egur-energia erabiltzeari buruz. Eta zinez interesgarria da.
Baina, Tramayesko berogailu sistema aplikatu al daiteke. Baiona-Angelu-Biarritz konurbazioan?
Nik ez ditut BABaren egitura eta beharrak ezagutzen, baina hirietan gero eta gehiago ari da zabaltzen egurraren bidezko energia. Sareak zabaltzen ari dira, HLMak [etxebizitza publikoak] berogailu-sareen bidez ari dira berotzen. Hitz bitan, berogailu zentralizatu baten eta sare baten bidez. Grenoblen, kasu, 25 kilometroko sarea dute. Ez da Tramayesko hedadura inondik ere [jendea harritu da]. Ez da berogailu bakarra noski, sare zabal baten barruan daude instalatuta.
Ingurumenari buruzko konferentzietan Estatuko organismoak sistema honen alde daude. Egur-berogailuak erakargarriak dira, jendea ohituta dago egurra garraiatzen etxe partikularretan. Halaber, egur tximinien emisioaren poluzio tasa apalagoa da fuel-olioarena baino. Bestalde, tokian tokiko egurren garraioak murrizten du fuel-olioaren garraioa. Hau da, askoz kilometro gutxiago egiten da egurra garraiatzeko, beraz, CO2 emisioen tasak askoz apalagoak dira. Guk egurra lau kilometrora hartzen dugu, fuel-olioa berriz ehunka kilometro egin ondoren iristen da guregana.