Estenopeika. Hitz jarioari estropezu egin arazten dion trakeskeria da kasik, irudiak hartzeko moduaren izendapena baino gehiago. Ahuntz-erdara dirudi, mordoilo kimiko horietako bat. Azido estearikoa. Kamera estenopeikoa. Antzekoa. Alabaina, kontzeptu sinplea adierazten du, zulo estua, eta finean, fotografiak jatorrian zuen magia ezin hobeto irudikatzen: argia harrapatzea. Argi-zirrinta kaxa batean atxikitzea, eta ilunpe horretan, paper fotografikoan proiektatzea, margoketa-lana egin dezan. Zernahi izan liteke kaxa ilun hori. Esate baterako, kontserba lata. Horixe bera baitu, izatez, gatz-piperra horretan diharduenarentzat. Ia hutsetik abiatzea. Eta huskeria bat aski izatea nork bere neurriko tresna liluragarria fabrikatzeko. Lenterik ere ez baitu behar. Sakatzeko botoirik ere ez.
Prozesu osoaren jabe izateak adina, estenopeikaren bidez sortzen den estetikak limurtzen du argazkilaria. Halaxe aitortu zuen Nagore Legarreta Edipotoa argazki-poesia liburuaren egileak (Banizu nizuke, 2012). Eta estetika hori xehatzen hasita, irudien testurak, zuri-beltzen kontraste gogorrak, azaltzen diren orbanak, eta zikinak, eta markak; aplikatzen duen denbora-filtro moduko hori, erretratuak antigoalekoak balira bezala itxuratzeko.
ABEL BOURGEOIS baigorriarrari arte grafikoak interesatu izan zaizkio txikitatik, serigrafia, sakongrabatua, inprimatzearekin zerikusia duten prozedurak, hala nola, goma bikromatua eta XIX. mendeko piktorialisten teknikak. Artista da. Ikerlaria ere bada. Estenopeikoaren moldeak liluratu du oraintsu, ia kasualitatez deskubritu zuela aitortu badu ere. Josette Dacosta margolariarekin bat eginda, Donibane Garaziko panoramika harrigarria ipini du ikusgai, margolariak Nafarroa Behereko hiriburuan bertan duen aretoan –Bi ikuspegi izenburupean, urriaren 27ra arte zabalik, asteazken, ostegun, larunbat eta igandeetan, 15etik 19etara–.
GUILHEM SENGES. Herri paisaiak baino gai ausartagoak maite dituenak Guilhem Senges (Orléans, 1973) frantziarraren asmamen plastikoetara jo dezake. Bere irudimenak mugarik ez baitu, dena eta edozer nahasten du estenopeika edo kamera ilun bihurtutako tramankuluetatik abiatuta –inoiz, furgoneta zaharra bera–. Irudi bakoitza sortzeko prozesuan, pauso bakoitza bihurtzen du bere horretan artelan. Eskulturak edota dekoratuak ere egiten ditu, argazkian integratzeko beharrezkoak bazaizkio. Emaitza, umorea, rock and rolla, sexua edota politika uztartzen dituzten irudi sarritan surrealistak. Iruñeko Contraluz galerian izan dira ikusgai.