Geure osasunerako maiz erabiltzen da azeri-buztana, Equisetum arvense. Milioika urteko historia duen familia bateko azken partaideetako bat da. Erreparatu bere itxurari, ez al da prehistorikoa? Azeri-buztana berezia da, eitez eta mamiz. Mamiaren osagaien berezitasun hori du sendagai, guretzat eta beste landareentzat.
Azeri-buztanak izugarrizko lanak egiten ditu. Orokorrean beste landareak indartu eta gorrinak, zanbroak eta zurinak bezalako gaitzei aurre egiteko kemena eransten die. Nekazaritza biodinamikoan urtean behin edo bitan lurra ongarritzeko gaia da: 50 gramo landare hiru bat litro uretan ordubetez irakin, iragazi eta hogei litro ur osatu. Claude Aubert alimaleko maisuak zorriak atzeratzeko ere balio duela dio eta honela egiten du: 150 gramo landare lehor hamabost litro uretan ordubetez egosi. Renaud eta Dudouetek honela egiteko diote: 200 gramo hosto berde edo 50 lehor 24 orduz beratu hamar litro euri-uretan, tapatutako ontzi batean hogei minutuz irakin, hozten utzi eta egun bete beranduago iragazi eta sasoi bero eta hezeetan bizpahiru astez behin landareak busti, ekaitzen ondoren batik bat. Azken hauek, irakin gabeko ura ere ona dela diote: lehengo formulan adina azeri-buztan euri-ur horietan zenbait egunez beratzen eduki eta iragazi. Lurra eta landareak bustitzeko erabiltzen da. Honi 100 gramo xaboi beltz erantsiz gero, zorriak eta armiarma gorriak desagerraraziko ditu.