argia.eus
INPRIMATU
Jolas arriskutsua
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2010ko maiatzaren 12a
Room in Rome. Zuzendaria: Julio Medem. Aktoreak: Elena Anaya, Natasha Jarovenko. Espainia. 109 min.

Eman dezagun nik Alba dudala izena eta zuk Natasha. Zer axola dio izenak, Erroman gau bakarrerako topo egin duten bi ezezagunen artean? Ni Euskal Herrian izango naiz bihar, eta zu Moskun, eta jostatzeko aprobetxatuko dugu gaua, larrua jotzeko, pasioak askatzeko, irri eta kanta egiteko, asmatutako bizimoduak kontatzeko. Baina jolasak eskuetatik ihes egin dezake, gezurrak egiekin nahasten direnean, fikzioa errealitatearekin, sexua sentimendu intimoekin, eta irriak sufrimendu ezkutuekin. Ezezagun baten sorbalda sarri aproposena baita, barnean daramatzagun ezinegonei bide emateko. Fisikoa, oso fisikoa da Medemen azken proiektua, sexu harremanari garrantzia eskainiz, baina are emozionalagoa da emaitza, ohi duen gisan pertsonen obsesio, sentimendu eta oinazeetan arakatuz.

Horregatik, hoteleko lau paretetatik ateratzen ez den pelikula honetan, bi emakume protagonistek eta euren elkarrizketek dute ikuskizunaren pisu osoa. Hasierako hizketa bizi eta burutsua, informazioarekin, patuarekin eta irudimenarekin jostari, erritmoa eta indarra galtzen doa pixkanaka, eta eztiegia, gozoegia da bukaeran, elkarrenganako maitasuna behin eta berriz azpimarratuz.
  
Hori guztia, dena den, zuzendari donostiarraren begirada berezitik dago filmatua, eta dogma mugimenduaren edo antzezlan baten eszenografia austerorako egina dirudien lana (bi emakume eta logela bat, ez gehiago), berezkoa duen unibertso bilakatu du Medemek: detaile txikienak eta plano guztiak neurtzen dituen estetika dotorea, edertasuna islatzen duten bi gorputzen protagonismo erabatekoa, emakumeen barne-mundua, argi-ilunak, hautaturiko soinu banda, logelako koadro eta irudien sinbolismoa, komuneko eszena surrealista… En la cama film txiletarraren remake honi bere ukitua eman dio, ukitu mingarria une askotan, arriskutsua delako ezezagunekin jolastea.