argia.eus
INPRIMATU
Autozentsura
  • Edonork du jadanik erreparatua: egunetik egunera ari direla gartzelak, bai Frantzian eta bai Espainian, preso abertzalez betetzen.
Jose Luis ,'Txillardegi' Alvarez Enparantza 2008ko martxoaren 03a
Txillardegi
TxillardegiDani Blanco
Azkeneko presoen zerrendaketa hemen errepikatzea alfer lana litzateke. Ikus, adibidez, Garak argitaratu berri dituen zerrendak (2008-II-18; 1-2-3-4-5 orri.).

Aurrena Arnaldo Otegi izan zen atxilotua: iazko ekainaren 8an. Eta Juan Mari Olano joan zen ondotik: irailaren 10an.

Hortik aurrera azkartu egin zen sarekaden ziztua. Joseba nire semea urriaren 2an eraman zuten etxetik. Eta handik bi egunera Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Ibon Arbulu, Juan Joxe Petrikorena, Ana Lizarralde eta beste jarraitu zitzaizkion.

Azaroaren 30an Jabier Salutregi, Elena Beloki, Mikel Egibar, Iñaki O’Shea, Xabier Alegriaren txanda izan zen. Jose Luis Elkoro ere atxilotu zuten Bergaran abenduaren 5ean, eta Marije Fullaondo 18an. Otsailaren 4an ikusi ditugu presondegirako bidea hartzen Pernando Barrena eta Patxi Urrutia

Artean, Ezker Abertzalea burugabetzeko deliberoan, EAE-ANV eta EHAK partiduak ezarri dira legetik at.
Tortura zantzu nabarmenak egon direla-eta, harrabots handiagoa izan dute Gorka Lupiáñez, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren harrapaketek.

Eta zerrenda, Perez Rubalcabak berak esan duenez, ez da amaitu. Preso gehiago dator.

18/98 makroepaiketan agertu denez, berme juridikorik ez dago inorentzat. Sabino Ormazabalen kasuan ikusi denez, borroka armatuaren kontrakoak berak ere ETAren morroi leial gisa zigortu dira.

Aski da orain ETAren helburuetan gogaide gertatzea, terrorista gisa epaitua izateko. Egunkariaren auzian gauza bera agertu da. ETA euskararen alde agertzeak ez gaitu gu Miguel Sanzen kide izatera bultzatu behar. Xabier Mendigurenek Andoaingo elkarketan gogorazi duenez ez dugu zertan lotsatu behar euskararekiko geure kezkaz.

Iñaki Uria auzipetu guztien izenean mintzatu denean, oso beltz jarri du etorkizuna: ordaindu ezinezko isunak datoz eta gartzelaldi luzeak.

1978ko Konstituzioan, ordea, hau irakurtzen da: “La riqueza de las distintas modalidades lingüísticas de España es un patrimonio cultural que será objeto de especial respeto y protección” (Art. 3. 3).

Nola ezkontzen dira hitz hauek eta Otamendiren taldeari jasanarazitako tratua? Areago Egunkaria euskara hutsez argitaratzen zen eguneroko bakarra izanik.

Kontraesanak agerian daude. Baina gertakariek dute munta. Benetan ematen du euskararen kontrako herra eta gorrotoa izan dela eragilea. Baina kontraesan giro berbera topatzen dugu beste alorretan.

Atotxako Epaitegiaren aurrean (II-22) ikusi duguna bere buruz mintzo da. Igor Porturen torturatzaileen kasua aztertzen ari zirelarik, kolpeka eta bultzaka hasi baita Ertzaintza bertaratutako 150 abertzaleen kontra. Eusko Gudariak hauek kantatzen hasi eta orduantxe eraso du Ertzaintzak. Kafkak ez zukeen egokiagorik asmatuko.

Eusko Jaurlaritza, bestalde, oso pozik dago ETAren eta GALaren bortizkeriak maila berean gaitzesterakoan .
Kosta egingo zaigu, kasu honetan bezala, geure buruari hesiak jartzea. Garbikiago esanda, auto-zentsuran mugitzea.
Frankismoaren garaian bezala, parabolaz eta hitz-erdika idazten berrikastea. Gogorra ataka. Eta irakurleak ere, bere aldetik, lerro artean mezuak borobiltzen moldatzea.

Adibidez: “Herriek oro dute autodeterminatzeko eskubidea. Eta Euskal Herriak ere bai”. Nork ukatzen du? Eta irakurleak berak osatu beharko du zerrenda; aitzakiak eta faltsukeriak bere buruz aurkituz.

Demokrazia amaitzen denean, ez zaigu beste biderik gelditzen.

Garaiz ikasiko ahal dugu!