argia.eus
INPRIMATU
Prentsa uniformea
  • Madril, 1938. Espainiako Gerra Zibila oraindik amaitu gabe zela, baina II. Errepublikari azken hatsa baino geratzen ez zitzaionean, frankistek 1939tik 1966ra bitartean indarrean egongo zen prentsaren legea garatu eta onartu zuten. Lege hura programa zabalago baten barruan beste atal bat baino ez zen: Espainiako historiaren norabidea zuzendu behar zen XVII. mendetik aurrera.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2008ko urtarrilaren 15
Francok berak zera esan zion Juan Borboikoari gutun batean: “Espainiaren gaitzak ez datoz apirilaren 14aren ondoren; deskonposizio prozesuak erro sakonagoak ditu. Monarkiaz ari garenean, Errege Katolikoenaz edo Felipe II.arenaz lotzen dugu. Ondorengo garaiak dira eskola txarrarenak, pultsurik gabeko monarkia dekadentearenak, Espainiaren jeinua kanpora islatu ordez, anti-Espainia onartu eta goratzen duen monarkiarenak”. Baina bide oker hura saihesteko fusilamenduak eta atxiloketak ez ziren nahikoak. Teknika errepresiboetatik ahalik eta etekin gehien lortu behar zen eta horretarako eskoletan eta egunkarietan sartu behar zuten. Totalitarismoaren loraldi betean, nazien eta faxisten esperientzia jaso zuten frankistek, azkenean, Italiakoa edo Alemaniakoa baino lege gogorragoa onartzeko. Espainiako testuak, esaterako, aurretiko zentsura jasotzen zuen, eta Hitlerrek nahiz Mussolinik aukera hura atzera botatzea erabaki zuten.

Erregimen berrian kazetariak “nazioaren pentsamenduaren apostolu” izan behar zuen, “fede eramaile”. Kazetaritzan jarduteko derrigorrezko agiria ezarri zuten –1 zenbakia zeramana Francori eman zioten–. Espainia osoan argitalpenen erdia desagertu zen eta hainbat lekutan galera are larriagoa izan zen: Bartzelonan 26 egunkari zeuden gerra hasi zenean eta, legea indarrean ipini eta gero, sei baino ez ziren geratu. 1939an lanean jarraitzeko eskaera egin zuten 4.000 kazetaritatik, 1.800ek baino ez zuten baimena lortu. Hori guztia, gaztelerazko prentsari dagokionez. Katalanez edo euskaraz idatzitakoentzat ez zuen zirrikiturik utzi lege berriak. Esaterako, Zeruko Argia ez zen 1936tik aurrera argitaratu, eta 50eko hamarkadan saiakerak egin arren, ez zion jardunari 1963ra arte berriro helduko.

Hala ere, batzuentzat legea ez zen nahikoa gogorra nonbait, eta muturreko proposamenak luzatu zituzten. Deigarriena, Ramon Serrano Suñer ministroak egindakoa: kazetariek uniformea jantzi zezaten nahi zuen. Prototipoa eta guzti diseinatu zuen. Baina proposamena atzera bota zuten azkenean. Agian, erredakzioetan egun haietan nahikoa uniforme bazebilelako: sotanak, falangistak, erreketeak… Ziur aski, kazetarien irizpideak eta edukiak uniformatzea nahikoa zelako.