Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDonostialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Donostialdea Donosti-Pasaia-Hondarribia-Irun-Oiartzun-Goizueta-Hernani

KONTXA ETA PASAIAKO BADIAK Euskal Herriko begiratoki ederrenen artetik zoragarrienetakoa izaki, Igeldo mendiak hasiera ezin hobea emango dio Donostiaren inguruan egingo dugun bideari, Kontxara begira zein itsaso zabalera begira dituen talaietatik. Hirira Itsasargiaren Bidetik jaistea gomendatzen dizuegu, bistak askoz hobeak dituelako. Behealdean, Donostia dotorea Kontxa ondotik zeharkatu eta Gros-Zurriola ingurutik barrena atzean utziko dugu, Irun-Pasaia alderantz.

Tarte labur honetan, dagoeneko, Euskal Herriko turismoaren hiriburuak dituen gauza eder piloaren zatitxo bat dastatzeko aukera izan dugu, baina hiri izugarri honen gauza miresgarri ugariez gozatzeko (Alde Zaharra, hondartzak, Kaia, Kontxa aurreko etxebizitzak, Urumearen gaineko zubiak, lorategiak, Aquariuma eta abar luzea) denbora nahikoaz eta presarik gabe ibiltzea gomendatzen dizuegu.

Donostiako zentroa iragartzen duen seinalea atzean utzi ondoren ezkerrerantz joko dugu, Donostia-Bilbo autopistaren norabidean, Pasaia ipintzen ez badu ere. Hala, portuko instalazioak eskuinaldean utziz, Pasai San Pedroko arrantzale kutsuko alde zaharrera ailegatuko gara, badiaren beste aldean Donibane dugula.

Irunerako errepidera itzuliz, 2 kilometrotara portu ondoko Pasai Antxo industrialetik pasatu eta handik 1,5 km-tara Errenteria-Oreretan sartuko gara. Toponimiarekin gorabehera handiak dituen herri industrializatu honek alde zahar interesgarria gordetzen du, armarria duen Udaletxe, Jasokundeko eliza (XVI. m.), Torrekua eta Morrontxo dorretxeak eta Iturriza, Uranz eta Zubiaurre jauretxeek osatua besteak beste.

Azken herri honetan ezkerretara eginez Lezorantz abiatuko gara, gure ezkerreko aldean ikusiko dugun arrantzale kutsuko herri industrialerantz. Bisitatu beharrekoen artean Santo Kristo Basilika dago, X. mendeko (beste batzuentzat XIII.-XIV.ekoa) bizarrik gabeko Kristo gurutziltzatu bizantziar bat gordetzen duena, tradizioaren arabera itsasoan agertua. Zenbait jauretxe ere ikus daitezke.

Hurrengoa Gipuzkoako herririk politenetako bat dugu, alde zahar estuan kale bakar baina eder-ederra erakusten digun Pasai Donibane, itsasoaren eta mendiaren artean doi-doi kabitzeak sorturiko emaitza bikaina.

BIDASOALDEA

Donibanetik atzerantz bide beretik itzuliz, ezkerretara Jaizkibelerantz abiatuko gara, itsasaldeko panoramika bikainak eskainiko dizkigun errepidetik barrena. 30. km-an Jaizkibel Gaina harrapatu eta laster, Lapurdiko kostaldetik harantzago iristen diren ikuspegi zabalez gozatuko dugu. Jaizkibelgo Ostatuaren ondoan sekulako begiratokia aurkituko duzue, eta jaitsieran Guadalupeko Ama, Hondarribiko alardearen helmuga.

1,5 km aurrerago erdi ezkutuan dagoen begiratoki ederra topatuko dugu, zuhaitzen artetik Txingudi osoa aurkezten diguna. Hemendik 2,5 km-tara berriz, Hondarribian sartuko gara. Lehenbizi ezkerrerantz abiatu gaitezke, hondartza, portu eta hainbat behatokiren ondotik pasatu ostean Higer Itsasadarraraino. Itzuleran berriz, erdigunean murgil gaitezke, lehenbizi Portu auzotik eta gero alde zaharraren ondotik igaroz. Bat aukeratu nahiz bestea aukeratu, sorgindurik utziko gaituen hiria da Hondarribia.

Hondarribiko aireportuaren ondotik zuzen abiatuz, 2 km eskasetan monumentu interesgarri ugari dituen Irungo erdigunean sartuko gara. Berau zuzen zeharkatuz, lehenbizi Behobiarantz eta gero San Martzial-Aiako Harrirantz abiatuko gara. Lehenengo, Irundik irten eta ezkerrera desbideratuko gara, Txingudiko bista bikaina eskaintzen digun San Martzial baselizara igotzeko.

Ikuspegiaz gozatu ondoren, itzuli eta ezkerrerantz Aiako Harrira hurbilduko gaituen errepideari jarraituko diogu.

Igo ahala, bidea arbolatsuagoa bihurtu eta ikuspegi gero eta hobeak erakutsiko dizkigu, 69. km-an Aiako Harri ikusgarria gure artean agertzen den arte, inguruko paraje eder guztiak menderatzen dituen errege baten gisara.

Bertako gailurretara iristeko abiapunturik onena 3 km aurrerago aurkituko dugun Ingelesaren Gaztelua izeneko parajea da. Jaitsieran mendia miresteko hainbat behatoki natural aurkituko duzue.

79. km-an jada ikusgai dugula, 3,5 km aurrerago Oiartzunen sartuko gara, laster enparantzaren ondotik pasatu, bidegurutze hirukoitzean erdiko bidea hartuz zeharkatuko duguna.

ARTIKUTZA

Artikutzara joan nahi baduzue, hortik 2 km-tara ezkerrera jo behar duzue, Iturriotz-Altzibar norabidean, eta hortik aurrera beti zuzen jarraitu, oso bide polit batetik barrena, Oiartzungo azken bidegurutzetik 14 km-tara Bianditzeko Lepoa harrapatu arte. Hortik aurrera Artikutzako inguruaren sarrera den baserriraino 1,5 km. besterik ez zaizkizue faltako. Hori bai, bertan sartzeko Donostiako Udalaren baimena eskatuko dizuete.

Bianditz Gaina baino km bat lehenago ezker aldetik beherantz Oianlekuko harrespilak bisitatu eta Bianditzeko gailurrean bista politak ikusteko aukera izango duzue. Artikutzako inguruan (Nafarroako lurretan kokatua, baina 1919an Donostiako Udalak erosia) pagadi ederren artean haritz franko ere ikusiko duzue, Udalak jarritako beste zuhaitz mota askoren artean. Bestalde, errekatxo garbiek zeharkatzen duten baso ederra hainbat animalia ezberdinek populatzen dute, basurdeek esaterako.

Berriz ere Oiartzungo bidegurutzean (117. km.), zuzen jo eta 700. metrotara ezkerretara abiatuko gara (Alcampo hipermerkatuaren ondotik), bertatik 8 km ingurura Sagardoaren hiriburu ospetsura iristeko, hots, Astigarragara. Sagardotegiez gain, herrian monumentu baliotsuak ditugu, hala nola, Jasokundeko Andre Mariaren eliza (XIII. m.), atxikiriko Murgia Jauregia (gotorleku eta dorretxe izandakoa) edota Plaza Etxe, Goikoetxe, Bortaene eta Artola jauretxeak.

GOIZUETARA BIDEA

Herritik irten eta errepide nagusia ezkerrerantz hartuz, Ergobia pasatu ostean, Hernaniko ateraino ailegatuko gara, baina bertan sartu aurretik, beste “eskapadatxo” bat proposatzen dizuegu, ezkerretara Goizuetarako bidea hartuz.

Urumea ibaiaren eskuinaldearen ondotik doan errepide polit honetan zehar lehenbizi Fagollaga auzoa igaroko dugu, eta berehala Ereñotzu (bi burdinolen aztarnak eta dorretxe-baserri bat). Azkenik, Nafarroan sartu aurretik pasatuko dugun Hernaniko azken auzunea Pagoaga izango da.

140. km-an Nafarroan sartzearekin batera, paisaia are ederragoa eta basatiagoa bihurtuko da, Organbideko Benta eta Izkibi Kanpina atzean utziz Goizuetaraino ailegatzen garen arte (155. km). Alde guztietatik baso ederrez inguratua, herri atsegin honek erakusteko moduko hamaika xehetasun ditu: XVI.-XVIII. mende bitarteko etxe zahar dotoreak, Santa Maria eliza gotikoa, erdi aroko zubiak eta dorretxeak, ermitak... osotasun bikaina eratuz. Errepide beretik atzera itzuliz (ez zaituzte aspertuko), oraingoan bai, ondare zabala erakutsiko digun Hernaniko herrian emango diogu amaiera ibilbide honi.

Orrialde nagusiraDonostialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403