Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
 
Orrialde nagusiraGipuzkoa barnealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Gipuzkoako Barnealdea Arantzazu-Oñati-Loiola-Bergara
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi AZKOITIA-LOIOLA-AZPEITIA-ERREZIL

SAN INAZIOREN MENPEKO LURRAK Zumarragako ezkerraldetik Azpeitia-Azkoitirantzako norabidea hartuz, zazpi bat kilometrora Aizpurutxo auzoa pasako dugu, tartean apurtu zubi edo oleodukto modukoen azpitik igaroko garela.

43. kilometrorako jada Azkoitian sartuko gara, Peñafloridako Kondearen (Azkoitiko Zalduntxoak eta Euskalerriaren Lagunen Elkartearen bueltan) eta San Inazio Loiolakoaren amaren sorterrian.

BIDEAN berriz ere, jauretxez jositako Azkoitia sigi-sagean zeharkatu eta hiruzpalau kilometrora, beharbada Euskal Herriko monumenturik ikusgarriena den Loiolako Santutegi izugarrira iritsiko gara, San Inazioren jaiotetxearen inguruan eraikitako itzelezko tenplu barrokora.

Kilometro eta erdi gehiago eginez berriz, ezkerraldera hainbat jainkotegi eta eraikin erlijioso pasa ostean, Azkoitiaren bizilagun-lehiakide den Azpeitia monumentalean sartuko gara; lehenbizi ezkerrera, gero zuzen eta alde zaharrean barneratu baino lehen eskuinera, azkenik berriz ere zuzen egiteko.

Urrats horiek jarraitu baditugu (herri barrenean norabide zuzena hartzea korapilotsua da) Tolosarantzako bidean egongo gara. Pare bat kilometro beranduago dugun bidegurutzean berriz, ezkerrera joko dugu Tolosarantz Erreziletik (eta ez Urrakitik) hurbilduz. Hortik 9 kilometrotara Errezil zeharkatuko dugu, Basarri bertsolariaren jaioterria, alegia. Bertan XIII. mendeko San Martin eliza bisita dezakegu.

Bidean gora, 5 kilometrotara, Iturburuko Zubi garaia dugu errepidearen gainean, baina 200 metro lehenago (ez dago seinalizaturik) Gipuzkoako Begiratoki ikusgarria. Bertatik Errezilgo bailara osoa ikusiko dugu, Herniok menperatzen duen baserriz zipriztindutako bailara, hain zuzen.

Pixka bat beherago aparkatzeko lekutxo bat dago, eta begiratokia errepidearen ondo-ondoan dago, bien arteko tarterik gabe, beraz kontuz ibili.

HONA iritsita, buelta emango dugu, Azkoitiaraino. Bertan, Zumarraga-Elgoibar norabidea hartuko dugu lehendabizi, eta gero berriz, Zumarragarakoa, Elgoibarko bidea eskuinean utziz (85,5 Km). Beste 1,5 kilometrora, oraingoan bai joko dugu eskumara, Elosua-Bergararantz.

Zer ikusi

AZKOITIA
IZARRAITZEN
magalean dagoen herri dotore hau, Azpeitiarekin edozertarako duten lehiagatik eta pilotari-harrobi amaiezina izateagatik aparte, bere Jauntxoengatik edo jauretxeengatik ere ezaguna da. Dena den, XI. mende hasierako dokumentazioan jadanik beste izen batekin ageri zen, hots, San Martin de Iraurgi izenarekin.

Hiri gisa 1324an fundatu zen, eta beste hirurekin batera "Hiri Nagusia" izaera lortu zuen. Bere garrantziaren adibide dira Korrejidorea bertan bizitzea edo Diputazioaren egoitza izatea hiru urtetik behin. 1457an dagoeneko hiriari gaur egun ezagutzen dugun izena jarri zioten.

AZKOITIKO ZALDUNTXOAK

1763-66 urteek Azkoitiko historian eta baita Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoakoan eragin nabaria izan zuten. Urte horietan, Frantzisko Muniabe Idiakez (1723-1785) Peñafloridako Kondeak, beste kultur maila handiko noble batzuekin batera, kultur talde bat sortu zuen.

Frantziako entziklopedisten eraginez, Euskal Herrian ikerketa zientifikoak bultzatu eta euskal kultura suspertzeko asmoa zuten. Horretan oinarrituz, pixka bat geroago Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten. Peñafloridako Kondea bera, noblea izateaz gain, zientzialari, idazle eta politikaria zen, eta Madrilgo Gorteetako Diputatu izan zen.

Nahiz eta Carlos III erregeak elkartea sortzeko baimena eman, honek foruak murriztu nahi izan zituenean bere kontra egin zuen. 1766an aduanak aldatu zituztenean Azkoitia (Azpeitia ere bai) matxinada garrantzitsuaren lekuko izan zen, nekazariak erabat asaldatuz.

IKUSTEKOAK

Azkoitiko Udaletxea, herriko plazan kokatua, armarri deigarri batez nabarmentzen da. Andra Mari Jasokundeko Parrokia, San Martin Iraurgiko baselizatik datorrena, XVI.-XVII.ekoa da, gotiko estilokoa, eta bere barruan erretaula bikaina eta "Cavaille-Coll" organo aparta gordetzen ditu besteak beste.

Dorretxeen artean Baldakoa (XII.-XIII. mendekoa, Azkoitia bera baino zaharragoa) aipatuko dugu lehenbizi, hortxe bizi izan zelako San Inazioren amaren sendia.

Zubieta, Idiakezekoa edo "Etxe Beltza" (Erdi Aroko dorre bitxia; 2. Gerra Karlistan erre ostean kolore ikusgarri horrez margotu zuten), Insaustikoa (barrokoa, Peñafloridako Kondearen elkartearen egoitza), eta Floreaga Etxea ere ikustekoak dira.

 
Herrialdea:
Donostiara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Gipuzkoa
42 km.
113 m.
10.660
%80
57 km2
180 bizt./km2
Ostiral Santua
Andra Mari (abuztuak 15)
San Andres (azaroak 30)

 

 

 

 

 

AZPEITIA

LOIOLAKO SAN INAZIOREN BASILIKA
LOIOLAKO SAN INAZIOREN DORRETXEA ETA INGURUKO ERAIKINAK

UROLAREN ezkerraldean eta mendiz inguraturik dagoen udalerri honek gehien bat industria jorratzen du gaur egun, baina bere historiaren ondorioz jauretxe askotxo kontserbatzen du.

Izan ere, Azkoitiarekin batera Hiri Nagusi titulua zeukan, eta biek Errege-Gobernariaren eta Diputazioaren egoitzak hiru urtero txandakatzen zituzten. XVIII. mendea arte Batzar Nagusiak ere bertan biltzen ziren.

Lehen aipamena 1027. urtekoa da, Iruñeko Apezpikuaren aktetan, "Garmendia de Iraurgui" izena agertzen zela. Hau, geroago "Salvatierra de Iraurgui" bihurtuko zen, eta 1397tik aurrera gaur ezagutzen dugun izena jarri zioten. Dena den, hiri gisa, 1310ean Gaztelako Erregeak, Fernando IV.ak, fundatu zuen.

Azpeitiko historian bi gertaera garrantzitsu azpimarratu behar dira: San Inazio Loiolakoaren jaiotza eta 1766ko matxinada.

Loiolako San Inaziotaz eta bere omenezko basilikaz geroago luzatuko garenez, matxinadaz zera esango dugu, azkoitiarrekin batera burutu zutela eta bere arrazoia aduanak Ebrotik kostalderaino eramatearen erabakia izan zela.

IKUSTEKOAK

Herriko Plazan Udaletxea dago, lehenago Agustindarren monasterioa izan zena, kanpandegiak argi uzten duen moduan. Angelu batean hiriaren armarria dauka.

Herriko Plazaren erdian musika-kioskoa dugu, eta bere inguruan mugitzen da populazioaren bizitza eta giroa. Eliz kaletik sartuz, berriz, San Sebastian Eliza aurkituko dugu. Hementxe bataiatu zuten San Inazio.

Antzina dirudienez gune tenplari bat zen, eta XVI.ean berriztatu eta handitu egin zen. Bi mende beranduago lehenagoko atari platereskoari beste neoklasiko bat atxiki zitzaion. Elizaren aztarnarik zaharrena berriz, Erdi Aroko kanpandegia da. Barrualdean, Aldare Nagusiko erretaula barrokoa nabarmenduko dugu, eta noski, koruaren azpian San Inazio bataiatu zuten pontea, langa barroko handi batez babestua.

Elizatik gertu mudejar estiloko adreilugintza-lanak dituen Antxieta Etxea dugu. 1507an eraiki zen, Juan Antxietakoaren aginduz. Azpeitiar hau Errege-erregina Katolikoen musikaria zen. Berriztatua dago.

Enparan kalean aurkituko dugun Basozabal Etxea hiriko eraikin zibilik zaharrena da, XV. mendekoa, hain zuzen. Hori dela-eta, "Etxe-Zar" izenarekin ezaguna da.

Beste eraikin interesgarri bat Altuna Etxea da, Udaletxetik hurbil dago eta mudejar estiloan eraikita.

Enparan Dorrea 1320. urtean eraiki zen, ibaiaren igarolekuak kontrolatzeko. Alboetako eraikinak 1760. urtekoak dira. Abitaingo Iturriak elizaren inguruan daude, antzinako harresien ondoan eta udal-garbilekuekin batera. 1842. urtean egin zituzten, estilo neoklasikoan, eta gaur egun berriztatuak daude.

Burdinbidearen Euskal Museoa hiri honetako bitxikeriarik apartena izan liteke, tren zaharrak ikusteaz gain beraietan sartu eta lokomotora ketsuak bultzaturik Azpeitiatik Lasao auzoraino joan daitekeelako.

Museoan, lokomotora, tranbia, trolebus, automotore eta mota guztietako bagoiez gain trenbide munduko erloju-bilduma aberatsenetako bat dago eta baita makina-erremintako museoa ere.

Bisita gidatuak: asteartetik ostiralera 10:15-13:30 eta 15:30-19:00 ordutegiekin, larunbatetan berdin eta igande-jaiegunetan goizez. Telefonoa: 943- 15 06 77. Sarrera dohainik da eta Azpeitiko Tren Geltoki zaharrean dago.

 
Herrialdea:
Donostiara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Gipuzkoa
37 km.
80 m.
13.610
%87
69 km2
197 bizt./km2
San Sebastian (urtarrilak 20)
San Inazio (uztailak 31)
Ostiral Santua

 

 

 

Argazkiak


Basilikaren sarrera nagusia ezin ederragoa da


Ama Birjina eta kobatxoa.


Antxietaren Jauretxea.


San Inazio larri jaso zutenekoa, dorretxearen aurrean

Insausti Jauretxea Peñafloridako Kondearen egoitza zen.

Loiolako San Inazioren Basilikako kupula galantak urrunetik erakartzen gaitu.

Jaiotexearen barruan San Inazioren bizitza ezagutzeko parada dugu.
Orrialde nagusiraGipuzkoa barnealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403