Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Propolia - Osamu Mizukami doktorea: Propolia kantzer aurreratuetan (1)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Propolia

Osamu Mizukami doktorea: Propolia kantzer aurreratuetan (1)

2010-05-06

2009ko irailean Montpelierren (Frantzia) Apimondia ekitaldiaren barruan burutu zen Apiterapiazko sinposiumean hitzaldi gogoangarria eman zuen. Hizlari askoren arteko bat zen Mizukami, baina zirrara berezia eragin zuen bere esperientziak erakusteko modu xaloagatik eta azaldu zuenaren garrantziagatik. Osamu Mizukami doktoreak batik bat minbizia duten eriak artatzen ditu Tokion, gehienak kantzer aurreratua daukatenak. Medikuntza alopatiko edo konbentzionalaren teknikak eta beste erremedio osagarriak erabiltzen ditu. Orain Montpellierreko saio haren laburpena, egileak Power-Pointez erakutsia, Interneten ipini du "My clinical experiences using propolis in the treatment of patiens with advanced cancer" izenburupean. Hemen euskarara dakargu mamia.

Medikuntza konbentzionalak dituen mugez ikasle denboran ohartu nintzen –esan zuen Mizukamik hitzaldian- etsipenez ikusi nuenean ezin zituela sendatu kantzerra aurreratuta daukatenak. Orduan sortu zitzaidan kantzer aurreratuetan berezitzeko erabakia eta erremedio osagarriak ere usatzekoa. Urteotan horrelako 4.000 gaixoz goiti artatu ditut, tratamendu konbentzionalak eta osagarriak (Mizukamik ez die alternatiboak deitzen) usatuz.

Kantzerra da Japoniako heriotzen lehen kausa. Gero eta japoniar gehiago hiltzen da minbiziz, eta han ere zabaltzen ari dira “Mendebaleko kantzerrak”, alegia kolon, pankrea, prostata, bular eta obarioetakoak. Hau japoniarren elikadura mendebaldartzeari egozten zaio, II. Mundu Gerratik antzinako jan moldeak baztertu ahala behiki eta hanburgesetan murgildu direlako. Betidanik esan da japoniarrak zirela mundutarren artean zaharren hiltzen zirenak, baina ziur nago, beste asko bezala, batera bizi itxaropena jaitsi egingo dela laster han.

Japonian ere kantzerrarentzako tratamendu ohikoak dira kirurgia, kimioterapia eta erradioterapia, gainerako herrietan diren bezalatsu. Kantzerragatiko heriotzak lau halakotu egin dira Japonian azken 50 urteotan. Eta kantzer aurreratuak nekez sendatzen dira tratamendu konbentzionalak usatuta.

Bestalde, ohiko tratamenduek gaixoen bizi kalitatean ondorio txarrak dituzte, batzuetan arriskutsu izatera iritsiz. Kirurgien ondorengo hilkortasun tasa %1-%3koa da, minbizia non kokatuta dagoen eta operatzen duen sendagilea zein trebea den arabera. Kimioterapia bitartean %3-%5 arteko hilkortasuna izaten da, eta tratamendu honek gaixoaren bizi kalitatea kaltetzen du: hezur muina kaltetu dezake, giltzurrinaren, gibelaren, biriken eta bihotzaren jarduera bezala. Erradioterapiak ere ondorio kaltegarriak eragiten ditu, horietako batzuek gaixoaren bizia arriskuan jartzeraino.

Zabalduta dago minbiziaren kontrako terapietan aurrerapen handiak egin direla urteotan, baina dauzkagun datu ugarik ez dute horrelakorik uste izatea baimentzen. Testen bidez lor dezakegu kantzer sendagarriak goiz detektatzea, baina aurreratutako minbiziak sendatzeko terapietan aitzinamendu gutxi egin dugu. (Adibidetzat Mizukamik erakusten du grafiko batea- Britainia Handian bularreko minbizia zenbatek gainditzen zuten duela ehun urte eta zenbatek gainditzen duten gaur. Hobekuntza txiki bat dago 2 urte eta 6 urte artekok biziraupenean, baina hortik 12 urteko biziraupen itxaropenari dagokionez duela mende bat bezalatsu gaude)

Ondorioz, minbiziarentzako tratamendu berriak behar ditugu ohiko medikuntzaz haratago. Hori datza medizina osagarria herrialde aurreratuetan hain popularra bilakatu izanaren oinarrian. Kantzerra daukaten japoniarren %70ek aitortzen du nolabaiteko medikuntza osagarriren bat darabilela, izan akupuntura edo Txinako belarrak, ohiko medikuntzarekin konbinatuta. Gaixo horietatik gehienek ez diete ezer esaten beren medikuei, Japoniako sendagile gehienak eszeptikoak direlako tratamendu horiekiko.

Ideala litzateke aurreratutako minbiziak erremedio natural soilez sendatzea, baina oso zaila da hori lortzea: kantzer zelulak azkarregi ugaritzen dira bide natural hutsez gelditu ahal izateko. Kasurik gehienetan ohiko tratamenduak beharrezkoa dira kantzer zelulen ugaritzea mantsotzeko.

Propoliaren propietateak
Propoli kontuak lehenbiziko aldiz duela 20 urte entzun nituen, Estatu Batuetan nintzelarik, eta produktu horrek arras interesatu ninduen. Egunero propolia hartzen hasi nintzetetik ordura arte pertsegitzen ninduen gripea erabat desagertu zitzaidan. Geroago, orduan 73 urte zituen gure aitari pankreako kantzer terminala diagnostikatu ziotenean, duela 16 urte, gomendatu nion propolia har zezala eta uretan erauzitako propolia hartu zuen. Urte bete beranduago hil zen, baina ez zuen nozitu ez minik eta ez sintoma gogorrik. Harrez geroztik sentitu dut propolia eraginkorra izan zitekeela kantzerrarentzako.

Aita zenarekin egindako saioaz geroztik, propolia botika osagarritzat usatu dut kantzer aurreratua zeukaten 500 gaixo baino gehiagorengan. Zergatik egin dudan hori? Alde batetik, propoliari buruzko 1.200 agiri akademiko baino gehiago daude eskuragai mundu osoan. Propoliak, horregatik, beste suplementuek baino oinarri zientifiko handiagoa dauka. Ikerketa horiek erakutsi dute propoliak kantzerraren kontrako propietateak dauzkala.

Propoliak honako propietateak dauzka:

1.- Kantzerraren kontrako eragina.
2.- Immunitatea sendotzekoa.
3.- Anti-oxidatzailea.
4.- Anti-angiogenikoa.
5.- Anti-inflamatorioa.
6.- Birusen eta bakterioen kontrakoa.
7.- Zuntzak erregeneratzekoa.
8.- Kimioagandik babestekoa.
8.- Erradiazioetatik babestekoa.

1.- Propoliak kantzerraren kontrako agente ugari dauzka. Xaguetan, Fenil-Ester Azido Kafeikoak (CAPE) handiagotzen ditu CD4(+), T zelulak, IL-2, IL-4 eta IFN-y direlakoak. CAPE hori da xaguetan bularreko kantzerra biriketara metastasiz zabaltzea eragozten duena. Bestalde, propoliak eragiten du “in vitro” giza melanomaren apoptosia. (Hemen Mizukamik erakusten du propolian minbiziaren kontrako agenteek daukaten egitura kimikoa, PPSaren 17. orrialdean).

2.- Immunitatea sendotzeari dagokionez, minbizia daukaten eri ia guztiei immunitatea ahuldu zaie urteen poderioz. Propoliak “in vitro" erakutsi du makrofagoak sendotu dituela, eta xaguetan ikusi da linfozitoak aktibatzen dituela eta CD4/CD8 zelulak indartzen.

3.- Erradikal askeak ugaritzen dira kantzerra nozitzen dutenengan, honek handitzen du kantzer zelulen ugaritzea eta ondorioz metastasi arriskua handiagotzen da. CAPE eta C Artepillin-ak indar anti-oxidatzaile handia daukate. Propoliak lipidoen peroxidatzea eragozten du. Eta azkenik, buruko infarktua eragin zaien xaguetan propoliak eragin anti-oxidatzaile handiagoa erakusten du E vitaminak baino.

4.- Kantzer zelulak ugaritzen direnean, angiogenesia (neovaskularizatzea) gertatzen da, kantzer zelula horiei odol gehiago eramatea bideratuz. Propoliak bai “in vitro” eta bai “in vivo” eragin angiogenikoa erakusten du, Avastin izeneko produktu kimikoaren parekoa.

5.- Kantzerrak berak ahalmen inflamatorioa dauka, kantzer zelulen eta imunitate zelulen arteko gudua eragiten duena. Cox-II bezalako anti-inflamatoriok eraginkortasun handia dute kantzerraren prebentzioan eta tratamenduan. Propoliak eragin antiinflamatorioak erakutsi ditu bai “in vitro” eta bai “in vivo”.

6.- B eta C hepatitisaren birusek gibeleko karzinoma eragin dezakete. HIVk HIESA sortzen du. Helicobacter pylori arriskutsua da urdaileko kantzerra sortzeko; japoniarren erdiak pilorian infekzioa dute eta horietako askok urdaileko minbizia nozitu dute. Propoliak birusen kontrako eta bakterioen kontrako propietateak erakutsi ditu, bai “in vitro” eta bai “in vivo” eta horregatik da hain erabilgarria kantzerraren kontra. Propoliak, bestalde, laguntzen du gaitz infekziotsuetatik babesten (kantzer aurreratua daukaten erien hirutik bat gaitz infekziotsuengatik hilgo da, hala nola pneumoniagatik, immunitate sistema arras hondatua daukatelako).

7.- Kantzerrak kaltetutako ehunak azkarrago erregeneratzen baldin badira, sendatzea ere azkarrago gertatuko da. Propoliak “in vitro” erakutsi du ehunen erregeneratzen laguntzen duela.

8.- Animaliekin egindako ikerketa askok erakusten dute kimioterapiari laguntzen zaionenean propoliarekin haren alboko kalteak murrizten direla. Propolia eta kimioterapia elkarrekin lotzeak bakarka usatzeak ez bezalako sinergiak erakutsi ditu, bai “in vitro” eta bai “in vivo”.

9.- Animaliekin egindako ikerketa askok erakusten du erradioterapia propoliaz lagunduta haren alboko kalteak gutxitzen direla. Propolia eta erradioterapia elkarrekin lotzeak bakarka usatzeak ez bezalako sinergiak erakutsi ditu, bai “in vitro” eta bai “in vivo”.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan