Politikan, gizartean eragiteko nahiaren eta identitate zeinuetan sakontzearen arteko tentsioa ekidinezina da. Zabaltzearen eta norberaren ezaugarriak indartzearen arteko hartu-emana politikaren adierazle baita. Bi arloak lortu nahi izaten dira, eta elkarren artean elikatzen dira, baina indarrak mugatuak direnez, zein lehenetsi izaten da kontua. Tentsio hori estaturik gabeko nazioetan ere presente dago. Izen desberdinak erabil daitezkeen arren, independentismoen edota estaturik gabeko nazionalismoen kasuan, hegemoniaren eta naziogintzaren arteko tentsioaz ari gara.
Nazio egitasmoa hegemoniko, nagusi, bilakatzea, horretarako hainbat ezaugarri eta eskakizun lausotu beharko direla jakitun, batetik; edo nazio egitasmoaren zutabe nagusiak indartzea lehenestea, bestetik. Mutur batetik bestera, abagune historiko eta politikoaren arabera, nazioa ulertzeko diskurtsoaren penduluak mugitzen dihardu.
Katalunian azken hamarkadan hegemoniaren eta naziogintzaren pendulu horrek mugimendu nabaria izan du. 2014ko eta, batez ere, 2017ko galdeketen testuinguruan, Kataluniako independentziaren aldeko mugimenduak hegemonia helburu zuen prozesua garatu zuen. Bide horretan, nazio egitasmoa demokraziarekin (“botoa eman nahi dugu”), errepublikanismoarekin eta aurrerabidearekin lotu zen, Espainiako Erresumaren aurkakotasuna eta itxikeria parean izanik. 2017aren osteko errepresioaren areagotzeak, unionismoaren erreakzioak eta independentisten beraien arteko zatiketak eta noraezak, baina, egoera berri bati eman dio lekua. Hegemoniaren bilaketak ezinbesteko duen lausotzea eta irekiera baino, nazio ezaugarrien defentsa gailendu da azken urteetan. Horren erakusgarri, hizkuntza katalanari buruzko ardura sozialaren areagotzea, Katalunian batez ere gazteen hizkuntza-erabileran zentratuta; edota immigrazioari buruzko diskurtso mesfidatia indartzea. Gaur egun, migratzaile independentisten edota espainiar jatorriko herritar independentisten elkarteez baino, gehiago hitz egiten da immigrazioak kultura eta identitate nazional katalanarengan duen balizko eraginaz.
Migratzaile independentisten elkarteez baino, gehiago hitz egiten da immigrazioak kultura eta identitate nazional katalanarengan duen balizko eraginaz
Kataluniatik iritsitako uhinak oso garrantzitsuak izan dira gurean azken hamarkadan. Antzekoa gertatzen da Kataluniako azkenaldiko joerekin ere, maila apalagoan bada ere; eta lurraldearen arabera joera desberdinak izanda. Batetik, Hego Euskal Herrian Kataluniaren gertuagoko egoera bizi dugu, berdina izan gabe. Hemen ere eremu batzuetan nazioari buruzko diskurtsoa gailendu zaio hegemoniaren bilaketari (nazio bulkadari buruzko ardura, adibidez). Ipar Euskal Herrian, aitzitik, esango nuke bestelako joera bizi dela, Kataluniakoaren nahiko desberdina. Bertan, abertzaletasunaren egituraketa, herri mugimendu berrien eragin soziala, lurraldearen erakundetze xume berriak sortutako abagunea eta abar joera horren lekuko dira, nire ustez.
Hegemoniaren eta gotortzearen arteko lehia bereziki konplexua da estaturik gabeko nazioen kasuan. Hegemoniaren logikan normaltasun berria eraiki nahi du independentismoak eta horretarako batzuetan bere ezaugarri batzuk leundu behar ditu. Zeintzuk eta noraino, ordea, ez dago batere argi. Gainera, auzia ez da bi nazio egitasmoren arteko lehia garbi eta arrazionala, indar harreman desorekatua duten bi aurkariren arteko norgehiagoka baizik. Bi egitasmoetako batek ez baitu estaturik eta, beraz, egungo normaltasuna aurka duelako. Horrek eragiten du pendulua mugitu behar izatea, baina aurrerago ere beste norabide bat hartuko duela ahaztu gabe.