argia.eus
INPRIMATU
Talenturik behar ez duten lanak
BeƱat Irasuegi Ibarra @birasuegi 2025eko maiatzaren 14a

Talentu faltaren mamua da azkenaldian ekonomiaren ikuspegi kapitalista hegemonikotik ezarri nahi diguten eta denek ontzat eman behar dugun ideia nagusietako bat. Arazo artifiziala da, eta ikuspegi oso elitistatik, gure egunerokoan ez dagoen denon arazo bihurtu nahi dute.

Talentu falta zer den definitu beharko genuke. Talentua ez da falta gure herriko azken gozogintza labea itzaltzen dutenean, herriko ostatua kudeatzeko inor aurkezten ez denean, baso, baratze eta larreak sasiz betetzen direnean, edo zaintza kate globala emakume pobretuen bizkar gainean uzten dugunean. Talentua falta da ekoizpen-kate kapitalista garatzeko gaitasun hiper-espezializatuak behar direnean. Eta ekoizpen katea ezin da eten, beraz, talentudun pertsonak erakartzeko edozer da zilegi, komunitateak izan ditzakeen beharrak zapaldu behar badira ere. Konturatzen bagara, talentu gabeko pertsonak ere ezinbestekoak dira ekoizpen-katean, beraz, hor ere edozer da zilegi, baina kontrako norabidean: langileen eskubideak zapalduta eta oinarri materialak prekarizatuta.

Jarraitu behar dugu beharrezko lanen inguruko erabakiguneak langileon eskuetan jartzen eta talentuaren inguruko diskurtso eta praktikak modu kritikoan jasotzen

Konturatuko zineten talentuaren ikuspegi elitista gailendu dela inguratzen gaituen lanari buruzko diskurtsoetan, eta kontzeptua bera susmagarri bihurtu dela. Baina proiektugintzari eta komunitateari begira jarrita, nabarmena da epe motzean talenturik behar ez duten lan asko beharko ditugula.

Kapitalismoaren hiper-espezializazio beharretik kanpo geratzen diren eta bestelako gaitasunak dituzten lanak, bizitza posible egiten duten gaitasundun langileek eginak. Gure auzo eta lurraldeetan bizi ahal izateko, denetariko lanak beharko ditugu, zaintza kolektiboaren ardatzetik, komunitatearen beharrei erantzungo dietenak, eta kasualki talenturik gabeko gaitasunen iruditegian kokatu dizkigutenak. Horrela, elikadura, pertsonen zaintza, hezkuntza, herrigintza, konponketa eta berrerabilpena, kultur sorkuntza eta merkataritza txikia bezalako lanen beharrezkotasuna azpimarratu beharko ditugu eta garrantzia berezia eman beharko diegu.

Olatukoop sarean abiatu dugun hausnarketan, lan desiragarri eta burujabeen inguruko lanketa egiten ari gara, izan ere, talentuaren krisia baino, erreleboaren krisia dugu sudur puntan. Beraz, jarraitu behar dugu beharrezko lanen inguruko erabakiguneak langileon eskuetan jartzen, talentuaren inguruko diskurtso eta praktikak modu kritikoan jasotzen, eta lan, lurralde eta bizitza bizigarriak posible egiteko gaitasunak sortzen, garatzen eta saretzen.