Bidai on bat
Braulio
Autoekoizpena, 2024
-----------------------------------------------------
Nik ez nioke talde bati Braulio izena jarriko; eta seguruenik inork gutxik hasiko luke lan bat sei minutuko iraupena duen kanta batekin. Baina hauei parra die eta horri esker jarduten dute hain aske eta sortzen dituzte halako kantak.
Ondarroan kokatzen da Braulio hirukotea, eta esan dezakegu horren sustraiak iraganean Ondarroa eta Eibar artean sortutako Norman taldean daudela, rockeroentzat eroegia eta eroentzat rockeroegia zen proiektu eztandagarri eta liluragarri hartan. Hiru disko luze argitaratu zituzten, are eta gehiago probatuz eta gozatuz, eta dozenaka emanaldi gogoangarri egin zituzten.
Horren ostean, Kepa gitarra-jotzaileak bultzatuta, Braulio izeneko munstro honi eman zioten forma haietako batzuek; eta, gerora, pandemiak eta distantziak zailduta ondarrutarrez osatutako talde ‘itsaskorra’ bihurtu zen, gaur arte. Haien estraineko lanak, Braulio izenekoak, zur eta lur utzi gintuen, indarra, erritmoen aberastasuna eta –orain ere bai– skizo puntu askea izateagatik. Bigarren lanak, Lur azpira itzuli-k berretsi zuen asko disfrutatzen dutela konposatzen, kantak deseraikitzen eta garatzen eta abizenik gabeko kantutzarrak erditzen.
Orain, hirugarren lanarekin, Bidai on bat-ekin, datoz. Lau pieza aberats, jostari erabat, amorragarri tarteka eta dibertigarri, bizi dugun gizarteari garraztasunetik trufa egiten diotenak. Ehiza da instrumentalki aberatsa, oso jostaria, Mike Watt beti presente, tenpo erdiak eta distira ere gordetzen dituena, nahiz eta post-rock kiribildua eta intentsitate handiko noisea ere baduen (hainbeste gordetzen du bere baitan). Bidai on Biafrari ere lekua egiten dion errepideko kontrako norabidean doan autoa, existentzialista bezain kritikoa, eskizoa eta jostaria erabat. Sare antisoziala, aldiz, deseraikitako punk-rocka, tenpo erdi eroak, Ama Say post-hardcore mozorrotuta eta kantu zerutiarrak. Azkenik, Bizi nahi da Alvini-ren Sheelac rockaren pasabidetik barrena Münsterland eta Spazztic Blur-ekin topo eginda surf iluna dantzatzen bukatzea.