argia.eus
INPRIMATU
Interneten euskaraz aritzeko boluntarioak behar dituzte Mintzaneten
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2015eko martxoaren 25
Argazkian Rocio Korta (73 urte) eta Mila Altuna (85 urte) azpeitiarrak. Mintzaneten bidez bi astean behin Sofía Cisneros eta Gorka Fernández bidelariekin hitz egiten dute.(Mintzanet)

Duela hogei urte Donostiako Bagera euskara elkarteak Mintzalaguna jarri zuen abian. Euskara ikasten ari zena euskaraz zekien batekin elkartuko zen eta bigarrenak lehenengoari mihia euskaraz dantzatzen lagunduko zion. Arrakasta izango zuen zalantza handiak zituzten batzuek, besteak beste, ez baitzuten elkar ezagutzen. Orduz geroztik, erruz zabaldu da ekimena Euskal Herrian.

Mintzanet.net webguneak antzeko funtzioa betetzen du. Alde handiena da, munduko edozein txokotako bi biztanle jartzen dituela harremanetan, teknologia berriei esker. Bidelariak eta bidelagunak dira istorio horietako protagonistak. Bidelariak euskara hobetzen ari direnak dira, eta egitasmoan parte hartu ahal izateko euskara maila gutxienekoa eskatzen zaie, hau da B1 maila izatea. Bidelagunei berriz, ez diete inolako titulurik eskatzen euskara maila frogatzeko. Haiek borondatea eta pazientzia behar dute izan.

Bada, Mintzanetek bidelagunak behar ditu munduko edozein bazterretan euskara ikasi nahian dabiltzanei, pantailatik pantailara bada ere, hitz egiteko aukera eman ahal izateko.