argia.eus
INPRIMATU
Fagor etxetresnak
Langileentzat eta enpresarentzat bideragarritasun bila
  • Mondragon Korporazioa, hartzekodunak eta Jaurlaritza ageri dira Fagor Etxekotresnen krisia bideratzeko agente gisa. Lanik gabe geratu direnei laguntzeko moduan dira kooperatiben taldeko elkartasun mekanismoak. Hartzekodunen jarrerak eta Jaurlaritzarenak berriz, enpresaren etorkizuna nolakoa izango den zedarrituko dute.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko urriaren 24a
Ezinegonaren aurrean MCCk kooperatibismoan konfiantza eta talde barruko elkartasun mekanismoak nabarmendu ditu.
Ezinegonaren aurrean MCCk kooperatibismoan konfiantza eta talde barruko elkartasun mekanismoak nabarmendu ditu.Raul Bogajo/ Argazki Press
Lurrikararen ondoren, taldearen erantzuna. Fagor Etxetresnen kinka larria albiste bihurtu denetik Mondragon Korporazioak lasaitasun mezuak igorri ditu. Kooperatibismoan daukan konfiantza berretsi zuen joan den astean publiko egindako agiri ofizial batean eta, horrekin batera, taldearen ezaugarri ekonomiko nagusiak laburbildu  zituen: EAEko Barne Produktu Gordinaren %3,2 ekoizten du, %7,4 industria alorreko BPGri dagokionez. EAEko enplegu guztiaren %3,5 Mondragon kooperatibei dagokie, horren barruan industria enpleguaren %8,4. 
 
Gihar horrekin egingo zaio aurre Fagor Etxetresnen krisiaren alderdi pertsonalari. Mondragonek azpimarratu du taldeko enpresek badauzkatela zenbait elkartasun mekanismo eta horiek berebiziko garrantzia hartuko dute lanik gabe geratuko direnen kasuan. Mondragonen agiri horrekin paraleloan, Lagun Arok jakinarazi du 35 milioi eurotik gorako saldoa daukala enplegu prestazioetarako. Kopuru horrekin eta bildu beharreko kuotekin –igo egingo zaizkie gainontzeko enpresetako kideei–, Fagorreko kooperatibisten prestazioei erantzun ahalko zaie.
Goienak joan den astean argitaratu zuenez, langileen egoerari aurre egiteko aurre-erretiroak eta birkokapenak eskaini nahi ditu Korporazioak eta horiek bideratzeko enplegu bulegoa sortuko du. Mondragonek ez du zehaztu zenbat langile geratuko diren egoera horretan, hau da, zenbat aurre-erretiro edo zenbat birkokapen egin beharko diren.
 
Adrian Zelaia Ekai Center ikerkuntza zentroko kide eta EBko Industria Eraldaketarako Aholku Batzordeko partaideak Goienan bertan azaldu zuen zeintzuk diren Fagorrek aurrean dituen bi erronkak: “Negozioa zatitzea eta jarduera batzuk bideragarriak egitea” lehenbizi; eta bigarren, ez garrantzi gutxiagorekin, “hartzekodunak konbentzitzea hobe dela negozio horien bideragarritasuna ailegatzea”.
 
Jaurlaritzaren laguntza “zorrotza”
Korporazioaz eta hartzekodunez gain, erakunde publikoek jokatuko duten rolak garrantzi berezia dauka Arrasateko enpresaren itoaldiari emango zaion erantzunean. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak astelehenean adierazi zuen gobernu autonomikoa Fagor laguntzeko prest dagoela, bideragarritasun plan “oso zorrotz” batekin, era berean “malgua” izango dena. 
 
Tapiaren arabera, enpresaren berregituraketa aukerak aztertu behar dira “ahalik eta enplegu gehienari” eutsiz. Sailburuak Fagor Etxetresnen gobernatzeko era berrikusteaz ere hitz egin zuen laguntza agintzearekin batera.