No acepto!!! 1980-1990: Diez años de hardcore, punk, ira y caos
Bat datoz berarekin dokumental mamitsu honetan azaltzen diren beste musikari asko ere. Punk mugimenduak alde txarrak izan zituela diote, baina duela hogei urteko pasadizoak irribarrez gogoratzen dituzte ia denek, eta nabari da garai zalapartatsu horretako protagonista izateak barrenak astintzen dizkiela oraindik.
Urte nahasi bezain kreatiboak izan ziren, bai Euskal Herrian, baita Espainiako Estatuko beste leku batzuetan ere. Horren isla da lau ordu baino gehiago irauten duen DVD bikoitz eder hau. Punk (eta hardcore) mugimenduaren ordezkari ugariren lekukokatsunak bildu dituzte Jose A. Alfonso eta Alberto Bocosek. Tartean daude, besteak beste, Evaristo (La Polla Records), Boliche (Subterranean Kids), Xabi (Basura), Javi Sayés (Basati Diskak), Txerra eta Yul (RIP), Drake (Bap!), Ritxi (Oihuka) Fernando (l’Odi social), Loles (Vulpess), Fermin Muguruza (Kortatu), Arturo eta Gonzalo (La Perrera, NCC), Klaus (Vómito)...
Elkarrizketetan zuzeneko kontzertuak dituzte hizpide, Arrasate-Oñati inguruko, Errenteria aldeko eta Bizkaiko zonalde batzuetako giroa, parranda basatiak, ezagututako (eta bidean galdutako) lagunak, elkarren arteko harremanak, egoera sozio-politikoa, gaztetxeak, fanzineak, irrati libreak... Irudi hutsetik harago zihoan ideologiaren ikurrak. Kontzertuetako imajinak ere bildu dituzte DVDan. Aurrerago aipatutako taldeez gain, han daude erreferentzia izan diren beste batzuk, Cicatriz, Odio, Tijuana in Blue eta Eskorbuto, adibidez. Grabazioak ez dira kalitate oso onekoak, baina garai hartako giro sutsuaren ispilu fidelak dira. Ispilu horri begiratzen diote oraindik gazte askok, mitifikatzerik nahi ez duten “mito” horien energiak kutsatuta.