EGUNKARIAREN ITXIERA

PELLO ZUBIRIAREN OSASUN EGOERA OSO LARRIA IZAN DAITEKE

Arratsaldeko 17:45etan ARGIAko erredakzioak Pello Zubiriaren familia eta lankideekin hitz egin dugu eta Pello Zubiriaren osasun egoeraz izugarri kezkatuta daude. Arratsaldeko 16:30etan iritsi dira Madrilgo Gregorio Marañon ospitalera Pello Zubiriaren osasun egoeraren berri jakin nahian, baina, bere inkomunikazio egoera dela eta, ez dute berri zehatzik izan. Dena den, Francisco Serrano ospitaleko zuzendaria omen denarekin izan dira eta berririk ematen ez zienez "ea bizirik ote zegoen" galdetu diote, eta zuzendariak 'bai, bizirik dago, erreanimazio unitatean dago eta kontziente dago" erantzun du. "Ea bizirik aterako den", galdetu diote berriz handik edo hemendik zerbait atera nahian, eta Serrano jaunak "baietz" erantzun die, besterik ezin duela esan gaineratuz. 18:00etan familia eta lankideak Entzutegi Nazionalerantz abiatu dira eta abokatuek habeas corpus eskaera bideratzen ari dira Pello Zubiriari inkomunikazioa altxa diezaioten. ARGIAko erredakzioak jakin izan du, halaber, Gregorio Marañoneko arduradun batek honakoa aipatu diola Estatuko goi mailako arduradun bati: "Eskerrak pasatutakoa ospitalean pasatu dela, bestela...".

Madrilen diren Zubiriaren familia eta lankideak oso kezkatuta daude Pello Zubiriaren osasun egoeraz, aipatutako guztiak bere osasun egoera oso larria izan daitekeela adierazten duelako. Ezinbestekoa da Pello Zubiriari inkomunikazio egoera altxatzea lortzea eta bere emazteak ikusi ahal izatea, modu horretan bakarrik jakin ahal izango dugulako bere egoeraren berri. Familiaren izenean, urgentziazko deia egiten dugu, ahal duenak egin beharrekoak egin ditzan.

ARGIAko erredakzio taldea.

Lasarte-Orian , 2003ko otsailaren 24an