EGUNKARIAREN ITXIERA

´EUSKALDUNON EGUNKARIA´ ETA EUSKARAZKO KOMUNIKAZIO ESPARRUAREN AURKAKO ERASO BERRIA

        Komunikazio Biziagoa S.A.L. ARGIA astekariaren argitaratzaileak jakinarazi nahi du gaur goizaldean ´Euskaldunon Egunkaria´ren aurka Guardia Zibilak egin duen operazioan ARGIAko lankide Pello Zubiria atxilotua izan dela. Hernaniko bere etxean hiru orduko miaketa egin ondoren, ARGIAko egoitza ere miatu dute eta bertatik, dakigunez, bi ordenagailu behintzat eraman dituzte. Oraindik ere miaketa egiten ari zenean, ARGIAko arduradunak iritsi dira egoitzara, baina Guardia Zibilak ez die eman miaketari buruzko inongo azalpenik. Miaketa lanak gidatzen zituen ustezko epaitegiko ordezkariarekin hitz egiten ere saiatu dira ARGIAko arduradunak, baina ez dute inongo erantzunik jaso. Komunikazio Biziagoa SALek salatu nahi du miaketa hau egiteko erabili den prozedura, bere zuzendaritzako inori ez zaiolako jakinarazi ez miaketaren zergatiez ezta eramandako materialen berririk emanez ere.

        Pello Zubiria gaur egun ARGIAko zuzendaritzaren albokoa da eta gaixotasun kroniko bat dela eta bajan dago azken asteetan. Duela hilabete gutxira arte ARGIAko zuzendaria izan da eta ´Euskaldunon Egunkaria´ko zuzendaria ere izan zen bere sorreran.

        Pello Zubiriaren gaixotasuna dela eta, etengabeko tratamendua behar duela azpimarratu nahi dugu eta bizi dezakeen egoeragatik biziki arduratuta gaudela. Salatu behar dugu, halaber, Pelloren etxea miatzerakoan Guardia Zibilak erabili dituen moldeak, bere etxea inguratu eta gerra parafernalia guztia erabili dutelako Pello bera eta bere familiaren aurka. ARGIAren izenean gure elkartasunik beroena agertzen diegu Pellori eta bere familiari.

        ARGIAK jakinarazi nahi die iritzi publikoari eta, bereziki, bere irakurle eta harpidedunei, ohiko jarduerarekin ahalik eta normaltasun handienarekin jarraitzen dugula.

        Euskarazko komunikazioaren, euskalgintzaren eta adierazpen askatasunaren aurka burutu den operazio berri hau ere salatu nahi dugu eta izan diren atxilotu eta kaltetuekiko gure kezka agertzen dugu eta elkartasuna adierazten diegu. Bereziki ´Euskaldunon Egunkaria´ bizitzen ari den egoera gogorra hartzen dugu gogoan eta gure elkartasunik beroena luzatzen diegu haren arduradun eta langileei. Euskal kultura eta euskal komunikazioaren eremuan ari garenok egunerokoan ere nahiko lan eta zailtasun ditugu gizarteari gure komunikazio zerbitzua eskaintzerakoan, gainera gure jarduera hori trabatzeko helburua duten operazio susmagarri hauek jasateko. Lanean bakean utz gaitzaten exigitzen dugu, gure eskubidea da eta.


Lasarte-Orian KOMUNIKAZIO BIZIAGOA SALeko Administrazio Kontseilua

2003ko otsailaren 20an