Uholde lazgarriak eragingo zituen ekaitza Euskal Herrira iritsi zen. Lapurdi eta Gipuzkoa jo zituen aurrena, eta Araba eta Bizkaira heldu ahala gogortuz joan zen. Bizkaia izan zen herrialderik kaltetuena. Bilbo Aste Nagusiko jaiak ospatzen ari zen, eta biharamunean ibaiertzean eraiki ohi duten txosnagunea urpean geratu zen ibaiak gainezka egin ostean. Alde Zaharreko zenbait zonaldetan 5 metroko garaiera hartu zuen urak. Denera 39 hildako eragin zituzten uholdeek: Laudion (Araba) bi, Lapurdin bost, eta Bizkaian 28. 101 udalerri hondamendi-gune izendatu zituzten eta 200.000 milioi pezetako kalte materialak izan ziren. Uholdeen osteko egoerari aurre egiteko, behetik gora sortutako herritarren arteko elkartasun sareek lan handia egin zuten.
Iturria: 1983ko uholdeek dozenaka hildako eragin zituzten Euskal Herrian (ARGIA, 2013ko abuztuak 26).