Taino herri indigenaren buruzagia bizirik erre zuten espainiarrek Kuban. Gaur egun Dominikar Errepublikak eta Haitik osatzen duten Hispaniola uhartetik joan zen Kubara Hatuey izeneko buruzagiak osatutako espedizioa, espainiarrengandik ihesi. Hango herri indigenei espainiarren aurka egiteko presta zitezela aholkatu zien, baita urre guztia botatzeko ere, espainiarren jainkoa hori zelako. Hainbat herri batuta, espainiarren aurkako borrokan jarraitu zuen, harrapatu zuten arte. Kondairak dioenez, hil aurretik apaiz bati galdegin zion ea zerura joaten ziren hildako espainiarrak; baietz erantzun zion honek, eta berak esan zion, orduan nahiago zuela infernura joan, berriz ikusi behar ez izateko hain jende krudela. Ameriketako Lehen Errebeldea ohorezko titulu historikoagatik da ezaguna.
Iturria: Bartolome de las Casas, Brevísima relación de la destrucción de las Indias (Cátedra).