Matalaz buru zuten nekazariak garaitu zituzten Bordeletik bidalitako soldaduek Zuberoan. Sohütan 400 laborari hil eta 150 preso hartu zituzten. Luis XIII.a Frantziako erregearen diru beharrei erantzunez, Zuberoako lur komunalak desjabetu eta zenbait noblerekin salerosketa operazioak egin ostean, zuberotarrei operazio horien ondoriozko zenbait zor ordainarazi nahi izan zieten, ordura arteko foru-legeak urratuta. Bernard Goienetxe Matalaz erretore zuberotarra buru, Zuberoako laborariak matxinatu egin ziren 1661eko ekainean. Altxamenduan 5.000 laborari inguruk hartu zuten parte, eta Sohütan nobleen eta burgesiaren hainbat etxe erre ostean, 7.000 pertsona inguruk armak hartuta Maule setiatu zuten. Laborarien kontrolpeko herrietan auzolana antolatzeari ekin zioten.
Iturria: Martin Ugalde, Historia de Euskadi II. Desde 1515 hasta 1839 (Planeta).