Manuel Mari Garmendia mugalaria hil zuen Guardia Zibilak Beran. Korta gisa ezaguna, ETA m-ko kidea zen eta Antton Etxebeste urruñarrarekin batera etakide talde bat pasatzen laguntzen ari zen Guardia Zibilaren segada batek harrapatu zituenean eta beren aurka tiro egin zutenean. Aberri Eguna zen eta hamazazpi tiro eman zizkioten. Legorretakoa zen Korta, eta ezizena familiaren Kortatu baserritik zetorkion. Gerora, Kortatu talde irundarrak haren omenez hautatu zuen izena.
Iturria: Joseba Zabalza, Gogoan hartzeko izenak (Euskal Memoria Fundazioa).