argia.eus
INPRIMATU
Lau ikasle hil zituen AEBtako Guardia Nazionalak, Vietnamgo gudaren aurkako protestari tiroka

Lau ikasle hil zituen tiroz AEBtako Guardia Nazionalak Kent Stateko unibertsitatean, Ohion. Vietnamgo gudaren aurkako protesten testuinguruan izan zen.

Maiatzaren 1ean, Nixonek iragarritako neurrien aurka milaka gazte mobilizatu ziren eta istiluak izan ziren leku askotan Poliziarekin. Maiatzaren 4an deitua zegoen protesta berri handia debekatu egin zuten agintariek, baina milaka gazte mobilizatu ziren eta Guardia Nazionalak bortizkeriaz egin zuen haien aurka.

Hildakoek Allison Krause, Jefrrey Miller, Sandre Scheuer eta William Schroeder zuten izena.

Albisteak izugarrizko astinaldia ekarri zuen AEBetan eta ikasle greba masiboa abiatu zuten. AEB luze zabaleko ehunka eskola itxi zituzten eta kalkulatzen da lau milioi ikasle atera zirela protestan kalera. Washington DC hiriburuan egindako manifestazioan, adibidez, 100.000 lagun batu zirela estimatzen da.

Gertaera hauek indar handia eman zioten Vietnamgo gudaren aurkako borrokari eta ikasle mugimendua erradikalizatu zuen.

Carole A. Barbato, Laura L. Davis eta Mark F. Seeman, This We Know. A Chronology of the Shootings at Kent State, May 1970 (The Kent State University Press).